Mertxe Aizpurua: "Bateragune auziaren aurrean, gure erantzuna pauso gehiago ematea izango da"

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bateragune auziari erreparatuta, nabarmendu du ez dela bost pertsona horien edo EH Bilduren aurkako erasoa, soberanismoaren aurkako erasoa baizik. Zentzu horretan, azpimarratu du beren erantzuna "aurrerapauso gehiago" ematea izango dela: "Ez dugu pauso bat atzera egingo". 

Espainiako justizia administratiboa aldatzeko "egiturazko" neurriak hartu behar direla azpimarratu du: "Kontua ez da epaile batzuk besteengandik aldatzea; egiturazko neurriak hartu behar dira estatua demokratizatzeko". Nabarmendu du begi bistan gelditzen ari dela espainiar Estatuan ez daudela gauzak ondo: "Hemen gertatzen dena pentsaezina da beste herrialde batzuetan". Adierazi du Espainiako Estatua demokratizatzea oso zaila dela: "Askok ezinezkoa dela esango dute, eta zuzen egongo dira ziurrenik, baina gure lana izango da lan horretan insistitzea". Bide horretan, ERCrekin egindakoa akordioari esker, erabakioarrak izango direla adierazi du, eta hor jarri behar dutela indarra: "Indar hori bideratu behar diogu gure herriek eskatu digutena egiteko". 

PSOEren barruan dauden desadostasunez galdetuta, adierazi du PSOEren eta Espainiako Gobernuaren barruan bi arima daudela. EAJrekin dituen harremanak ere izan ditu hizpide, eta adierazi du Madrilen EAJrekin adostasunak lortzea ona izango litzatekeela euskal herritarrentzat. Hala ere, ez du oso argi ikusten EAJk Ciudadanosekin akordioak lortzeari ezezkoa emango ziokeenik: "EAJ oso posizio erosoan egon da urte askotan, eta Madrilen komodin izatea gustatzen zaio. Eskrupulo gutxi jarriko zituen Ciudadanosi baiezkoa emateko". 

Juan Carlos Borboikoari buruz galdetuta, adierazi du gero eta zailagoa izango zaiela Borboikoa defendatzea: "Defendatu ezin daitekeen zerbait da, eta iritzi publikoan ere aldaketa garrantzitsua izan da". Covid19ak eragindak pandemia ere izan du hizpide, eta herritarrei gardentasunez hitz egin behar zaiela azpimarratu du: "Mesfidantza sortzen duten mezu kontrajarriak ematen badira, herritarrek konfiantza galtzen dute". 

Presoen arloan, pausoak "mantso-mantso" ematen ari direla adierazi du, baina nabarmendu du guztiak ez direla euskal herriratze neurriak: "Ez da nahikoa, eta pauso gehiago eman behar dira".

Zerikusia duten artikuluak