Etxeko langile migratzaileek ere bat egin dute martxoaren 8ko greba feministarekin

Esplotazioa eta diskriminazioa salatu dute etxeko langile migratzaileek. SOS Arrazakeria elkartetik etxeko langileen talde bat sortu da. Prentsaurreko bat eskaini dute azalduaz martxoaren 8ko greba feministarekin bat egiten dutela eta egun horretan greban parte hartu ezingo duten etxeko langile emakume ikusezinak ordezkatuko dituzte. Azaldu dute etxeko lanen eta mendekotasuna duten pertsonen sektorean lan egiten duten gehienak emakume migratzaileak direla, eta “babesgabetasun” handia dutela. Bestalde, “bidezko kontraturik” gabe egiten dute lan: astean 40 orduz baino gehiagoz, ez dute eskubiderik dagozkien jaiegunak hartzeko, ez eta langabezia sariak kobratzeko ere. Gaineratu dute, erakunde publikoek ez dituztela babesten.