Enplegu arloan gerturatuta, aurrekontuetarako negoziatzen segituko dute Jaurlaritzak eta EH Bilduk

2019ko EAEko aurrekontuetarako negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk. Astearte eguerdian bildu dira koaliziokoak Jaurlaritzako Ogasun saileko ordezkariekin eta bi aldeek onartu dute gerturatzeko borondatea.

Oposizioko gainerako alderdiek aurreratu dute ezezko botoa emango diotela Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, baina EH Bilduk prest agertu da aurrekontuak ahalbidetzeko, bi abstentziorekin. Baldintzak jarrita, hori bai: pentsioen inguruan eta enplegu politikan. Hain justu, bigarren horretan gerturatzea egon dela onartu dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.

Pentsioen gaian gerturatzea falta bada ere, EH Bilduk ahalegina egiten jarraituko duela ziurtatu du. Joan den ostiraleko bilkuran Jaurlaritzak proposatutako diru kopuruak ez zaizkielako "nahikoak" iruditzen pentsiodunen beharrei erantzuteko. Eta behar horiei ez erantzutea ezin dela ulertu nabarmendu du Iriartek. Azpiazuk, bere aldetik, aurrekontuak aurrera ateratzeko babesa lortzeko eta akordiorako prestasun osoa duela ziurtatu du. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, aurrekonturik ez izatearen kostu sozial eta ekonomikoaz pentsatzeko eskatu die oposizioko alderdiei.