Carola Rackete Sea Watch 3 ontziko kapitaina atxilotu dute pertsonen trafikatzaileei laguntzen ari dela egotzita

Kapitaina ikerketapean jarri du Italiako Fiskaltzak. Izan ere, duela bi aste 42 migratzaile erreskatatu zituen Mediterraneo itsasoan eta hauek lurreratzeko intentzioz Italiako uretan sartu. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak duela urtebete ezarri zuenaren arabera, migratzaileak daramatzaten GKEen ontziek debekatuta daukate Italian porturatzea. Lampedusa uharteko portuan lehorreratu zuen ontzia Carola Racketek agindu hauei entzungor eginez. Ondorioz, larunbatean portuan sartu eta batera atxilotu egin zuten. Racketek, itsasotik Skype bidez eman zituen adierazpenetan esan zuen, ontzian zeuden etorkinak geroz eta okerrago zeudela, bai fisikoki, baita mentalki ere. Nabarmendu zuen, Lampedusa zela gertu zegoen porturik seguruena. Gaineratu zuen Maltak lehorreratzeko baimena ukatu ziola eta Frantziak ez zuela erantzun. Bien bitartean, Giussepe Conte Italiako lehen ministroak iragarri zuen Alemania, Portugal, Frantzia eta Luxenburgo daudela Sea Watch 3-ko migratzaileak hartzeko prest.