#Bazterrekoak | Leif Eriksson, Coloni aurre hartu zion vikingoa

Askotan errepikatzen diren baieztapenek egia-itxura hartzen dute benetakoak izan ala ez, behin eta berriko esatearen poderioz. “Colonek Amerika aurkitu zuela” onartutako esaldi horietako bat da. Zehaztasun milimetrikoz jakin ezin bada ere, kultura anglosaxoian eta bereziki Estatu Batuetan, Amerikar lurra ukitu zuten lehen europarrak Leif Eriksson vikingoa eta bere espedizioa izan ziren, K. O. 1000. urte inguruan. Leif Eriksson Islandiar jatorriko vikingoa izan zen Erik Gorriaren hiru seme alabetako lehena. Erik Gorria ospetsua Islandiatik kanporatu zuten eta behartutako ihesaldian, aurreko marinel norvegiarraren istorioetan oinarrituz, mendebalderantz nabigatu eta izotzez betetako irla aurkitu zuen, gerora Groenlandia izango zena. 985. urtean lehen herrixkak sortu zituzten, Islandiatik etorritakoen laguntzarekin. Groenlandiako kokalekuetatik, bere semea, Leif Erikson Amerikarako bidea ekin zuen. Aurretik, Norvegiako jatorrizko lurretara nabigatu zuen errege Olaf lehenengoaren oniritzia jasotzeko eta Kristautasunera konbertitzeko. Era horretan Groenlandia eta etorkizunean aurkituko zituzten lurren kristautzea lortzeko. 1.000 urte inguruan, Leif-ek ipar mendebaldeko uretan ibilitako merkatari bat aurkitu zuen. Honek lur ezezagunen inguruan hitz egin zion, soilik ikusi egin zituela, baina ez zuela oinik jarri bertan. Leif-ek itsasontzia erosi zion, lur ezezagunetarako espedizioa burutzeko. Vikingoek bi itsasontzi mota zituzten, guda edo espedizio itsasontziak, Drakkar famatuak, azkarrak, estuak eta luzangak, eta Knarr-ak, merkataritzarako erabiltzen zituztenak eta zabalagoak zirenak. Ohitura zen gainera, erregeak hiltzean, bere Drakkarrean igo eta honi sua ematea.