Skip to main content

Aralarko Beltzulegi bordan izan gara, artzainen bizimodua gertutik ezagutzeko

Sakonean

Beltzulegi borda Aralarren dago, Txindokirako bidearen aldamenean. Segurola familiarena da, eta bertan gazta egiten du Ana Rosa Azkue etxekoandreak, maiatzean hasi eta ardiak antzutu arte, uztailaren bukaera aldera. Abel senarrak, Ander semeak eta Amaia alabek laguntzen dute bordako lanetan, 600 buru baino gehiagoko artaldea (bi multzotan banatuta) zaindu beharra dago eta.

Zazpi litro esnerekin kilo bat gazta egiten da. Mendizale asko gerturatzen dira bordara, bertan gazta egiten ikusteko eta erosteko. Artzaintza eta gaztagintza Neolitikotik datoz bai Aralarren eta bai beste euskal mendietan ere. Latxa motako ardiak dauzkate Segurolatarrek.

Lan gogorra da udan zehar artzainek egiten dutena, urte garai honetan pilatzen baitira zeregin gehienak. Udazkenean menditik jaitsi egiten dira eta orduan lasaiago ibiltzen direla esan digu Ana Rosak. Aralarreko magaletatik, mendiz mendi Gipuzkoan barrena eramaten dute artaldea Azpeitiako Elosiaga auzoraino, hango ikuiluan negua igarotzeko.

Hilaren 9an, ENBA sindikatuak antolatutako “Ongi etorri baserrira!” ekimenaren barruan 30 baserrik ireki zizkieten ateak bisitariei, bertako errealitatea ezagutu zezaten. Beltzulegi izan zen horietako bat.