'Almeria afera': 40 urte aitorpena eta justizia bila

1981eko maiatzean, Luis Cobo, Luis Montero eta Juan Mañas Santanderretik Almeria bidean zihoazen, horietako baten anaiaren jaunartzera joateko. Bidean, kotxea matxuratu zitzaien Madril parean, eta tren bat hartu eta Puertollanon beste kotxe bat alokatu zuten. Larunbatean, Almeriara heldu ziren, eta hurrengo egunean, Guardia Zibilak atxilotu zituzten.

Hiru egun lehenago eta estatu kolpe saiakeraren bi hilabete eta erdira, Joaquin de Valenzuela espainiar Armadako teniente jeneralaren aurkako ekintza burutu zuen ETAk Madrilen. Santander eta Almeria arteko bidaian, norbaitek ETA kideekin nahastu zituen hiru gazteak eta Guardia Zibila deitu zuen alerta emateko. Atxilotu eta hurrengo goizean, hilotzak errepide baten ondoan aurkitu zituzten. Hil arte torturatuak izan ziren, eta ondoren erre egin zituzten, frogak ezkutatzeko.

Hamaika Guardia Zibiletatik soilik hiru kondenatu zituzten eta horietako inork ez zuen kondenaren erdia bete. Erreserbatutako funtsetatik hainbat milioi pezetako saria jaso zutela jakin da gerora. Lau hamarkada geroago, biktimen familiek borrokatzen jarraitzen dute Estatu terrorismoaren biktimak direla berresten duen aitorpen ofizialaren bila.

Zerikusia duten artikuluak