Skip to main content

Josu Urrutikoetxea: "Samindu egiten nau gatazka bortitzaren amaiera beranduegi iritsi izanak"

Gurean Gaur

Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen gaineko mahai ingurua egin dute gaur Frantziako Asanblada Nazionalean, Etsaia artean hitz egin jardunaldien baitan. Josu Urrutikoetxea izan da hizlarietako bat, Brian Currin lagun, eta Frederique Espagnac senatariaren gidaritzapean.

Leire Regadas kazetariak konferentziaren jarraipena egin du. Urrutikoetxeak nabarmendu duenez, indarkeria "ez da inoiz helburu izan", eta "galera itzulezinak eta bi aldeetako biktimak" eragin ditu. Hori horrela, ezinbestekotzat jo du horien guztien aitorpena. Bere iritziz, gatazkaren konponbideak ekarri behar du "biktima guztien aitorpena, erreparazioa, preso eta erbesteratuen afera konpontzea, eta gertaerak ez errepikatzeko baldintzak bermatzea". Bide horretan, beharrezkotzat jo ditu nazioarteko bitartekaritza eta gizarte zibilaren parte hartzea, "Frantziako eta Espainiako Gobernuak bake justua lortzeko lan egin dezaten".

Brian Currin Euskal Herrirako Nazioarteko Harremanetarako Taldeko sortzaileak ere hartu hitza, eta taldearen sorreraren beharraz eta interlokuzioaren paperaren garrantziaz mintzatu da, "normalizazio politikoa indartzeko eta errazteko aukera zabaltzeko". Era berean, nabarmendu du ikasi beharreko ikasgaia dela "helburuak lortzeko indarkeriaren kausei heldu behar zaiela".
 

Veronique Dudouet gatazken konponbiderako Berghof Fundazioko zuzendaria ere parte hartzen ari da konferentzian, eta nabarmendu du Madrilek "gatazka konpontzeko aukera blokeatu" duela mugimendu independentistarekin elkarrizketak ukatzean. Dudouete-ek beharrezkotzat jo du gatazkaren ondori oguztiak kontuan hartzea: "Presoen eta erbesteratuen auziari irtenbidea eman behar diote gobernuek".

Caroline Guibet Lafaye filosofo eta soziologoaren iritziz, "konfiantza ezinbestekoa da gatazkaren konponbiderako, eta Espainiar Gobernuak ez du izan". Lafayek nabarmendu du beharrezkoa dela Espainiako Estatuaren jarrera aldatzea: "Biktimez ari garenean, bi aldeetako biktimez ari gara. Espainiar Estatuak euskal herritarrak eta haien familiak atxilotzen eta jazartzen jarraitzen du, etsai gisa tratatuz. Jarrera aldatzea beharrezkoa da". Era berean, filosofoak nabarmendu du adiskidetzarako bidean "gatazkaren konponbidearen unilateraltasunarekin apurtu" behar dela: "Honen amaierara heldu ahal izateko, lehenik eta behin onartu behar da gatazka egon zela, eta oraindik ez dela amaitu".

Lafayek esandakoa berretsi du Urrutikoetxeak eta gehitu du gatazkaren konponbiderako "garrantzitsua eta ezinbestekoa dela babes politiko eta internazionala" izatea: "Guztiok hartu behar dugu parte bakearen eraikuntzan". Hala ere, Brian Currinek adierazi du ez dela "batere baikorra" espainiar eta frantziar gobernuei dagokienean. Urrutikoetxearen iritziz, bakerako hurrengo pausoa preso politiko eta iheslarien auzia konpontzea izan behar du ezinbestean; hain zuzen, preso gaixoen eta zigorraren zati handia bete dutenen kasua azpimarratu du.