Skip to main content

Ugo Mayor: "Birusarekin elkarbizitzeko estrategia ez da fruitu onak ematen ari"

Gure begiz

Ugo Mayor farmazialaria eta IkerBasqueko ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Momentu honetan, birusarekin elkarbizitzeko hautua egin dela nabarmendu du, eta "goranzko eta beheranzko gurpil batean" sartuta gaudela, non murrizketen bitartez lortzen den birusaren hedapena murriztea. Covid0 estrategiaz galdetuta, azaldu du momentu honetan ez dagoela baldintzarik estrategia horri heltzeko, baina plan horri heltzearen aldekoa da, hau da, kasuak murriztu eta birusaren hedapena gelditzea lehen "txinpartak" agertzen direnean.

Birusari aurre egiteko beste zenbait neurri har daitezkeela adierazi du, diagnostikorako eta aztanarientzako eta bakartze eta berrogeialdiak egin ahal izateko tresna gehiago, esaterako, eta zentzu horretan, nabarmendu du kasuen trazabilitatea askoz ere altuagoa izan dela Nafarroan, EAEn baino. Kasu zehatzera jota, aipatu du familiek ez dutela jaso positibo eman zezaketen haurrak zaintzeko babesik, eta azkenean, aiton-amonek sartu behar izan dutela etxe horietara ume horiek positibo izateko positibilitatea zegoenean. Era berean, ulertzezintzat jo du posible den enpresetan telelana martxan ez jartzea.

Ikerlariak azpimarratu du mendebaldean birusari aurre egiteko hartu den estrategia ez dela "fruitu onak" ematen ari: "Asian eta Ozeanian zenbaki onak dituzte, 0 covid planteamenduekin birusari ahalik eta gutxien hedatzen uztea erabaki dutelako". Europan, berriz, esperantza guztia txertoan jarri dela azpimarratu du, eta birusak ere B planak dituela ohartarazi du: "Birusa aldaerak sortzen den heinean, arriskuan jar dezake txertoen eraginkortasuna". Hori horrela, 0 COVID plantamendua martxan jarri beharko litzatekeela nabarmendu du, "Asian eta Australian gai izan direna inplementetzeko".