Skip to main content

Niko Cuenca, ekonomialaria: "Kezkagarriena azpiko inflazioaren igoera da"

Gure begiz

Inflazioak %5,8ra egin du gora urtarrilean. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) KPIaren datu aurreratua ematen du hilabete bakoitzaren amaieran, eta, azken hilabeteetako jaitsieraren ostean, gora egin dute berriro prezioek.
Niko Cuenca ekonomialariak nabarmendu du behin behineko datuak direla, eta hemendik bi astetara jakingo direla behin betikoak. Aipatu du INEk argindarraren eta gasaren merkatuko prezio librea erabiltzea erabaki duela lehen aldiz inflazioa neurtzeko, eta ikusi egin behar dela horrek zein eragin duen. Era berean, gehitu du erregaiak hobaritzeko sistema ere ez dela indarrean egon, eta hori ere antzeman egin dela. Horrez gain, azpimarratu du beherapenen efektuak ere eragina izan duela inflazioan: “Aurten aurreko urteetan baino beherapen txikiagoak egon direnez, inflazioak pixka bat egin du gora, eta esanguratsuena da inflazio orokorraren eta azpiko inflazioaren (azpiko inflazioa da energiaren eta produktu freskoen prezioak alde batera uzten dituena) arteko arrakala gero eta handiagoa dela da. Azpiko inflazioa %7,5era igo da, eta hori antzeman egiten da elikagaien saskian”. Cuencaren iritziz, horren zergatia izan daiteke BEZaren jaitsiera ez hainbeste igarri izana, enpresa askok aprobetxatu dutelako urte bukaera prezioak “eguneratzeko”, eta posible delako denda askok BEZaren jaitsiera hori prezioen eguneratzearekin “konpentsatu” izana.
Hori horrela, azpimarratu du, inflazio orokorra “mantendu” egin dela, baina kezkagarriena azpiko inflazioaren igoera dela.