Skip to main content

Maite Ubiria: "Oier Oa preso ohia Lapurdin bizi ahal izatea espero dugu"

Gure begiz

Maite Ubiria kazetaria elkarrizketatu dugu Ipar Euskal Herriko gaurkotasunaren berri emateko. Irun eta Hendaia artean dauden migratzaileen egoeraz galdetu diogu, eta nabarmendu du migratzaileak "blokeatuta" daudela: "Finean, oinarrizko arazoa da pertsona horiek ez dutela eskubiderik libreki mugitzeko", salatu du.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hainbat pasabidek itxita jarraitzen dutela berretsi du Ubiriak, eta horrek zailtasun handiak eragiten dizkietela salatu du: "Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabideak ixteak zailtasun handiak sortzen dizkigu bertan bizi garen herritarroi, eta gure herrialdea zeharkatu nahi duten migratzaileentzat oztopoak gero eta handiagoak dira".

Oier Oa preso ohiaren kasuaz hitz egin du Ubiriak; ostiralean du Baionako prokuradorearekin bilera, eta egun horretan jakinaraziko diote bere bizilekura itzuli daitekeen. Ubiriak nabarmendu du espero duela fiskaltzak "ahalik eta neurri malguenak" hartzea ostiralean, eta Lapurdin bizi ahal izatea bere "eskubide sozial eta politikoen jabe".

Covid19aren bilakaeraz galdetuta, Ubiriak nabarmendu du Ipar Euskal Herriko egoera epidemiologikoa ezin dela Frantziakoarekin "alderatu"; hala ere, osasun agintariek zuhurtziaz jokatzeko eskatu dutela dio.