Maddalen Iriarte: "Planto egingo dugu oligopolio elektrikoaren eskandalua salatzeko"

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pentsiodunek Bruselara egin duten bidaiaz hitz egin du lehenengo, eta nabarmendu du beren egitekoa euskal pentsio sistema propioa aldarrikatzea dela.

Argindarraren prezioaren igoera izan du hizpide, eta Espainiako Gobernuak zein beste gobernu batzuk dituzten "interesak" salatu ditu: "Espainiako Gobernuak zein beste gobernu batzuk, ate birakarien bitartez, interes handiak dituzte oligopolio horietan eta horri etena jarri behar zaio". Zentzu horretan, urriaren 8rako horri "planto" egiteko antolatu duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

ITP edota Tubacex-en egoeraz galdetuta, nabarmendu du Tubacex-eko aferan Eusko Jaurlaritza "patronalaren alde" lerrotu dela. Era berean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak hainbat enpresa diru publikoz hornitzen baditu, enpresa horiek "ordaina" zor diotela gizarteari, "enplegu duina bermatuz, eta lan prekarioa ez bultzatuz".

Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako etxebizitzari buruzko lege proposamenari dagokionez, nabarmendu du "prestazio sistema batetik, egiturazko eskema batera" pasako litzatekeela, eta gaur egungo arazoari "irtenbidea" emango litzaiokeela adierazi du.

Estatus berriari buruzko eztabaida izan du hizpide, eta nabarmendu du "Alderdi Eguneko mezuak entzunda, zalantza duela EAJk ezer egin nahi duenik". Zentzu horretan, adierazi du "eztabaidaren muina erabakitze eskubidean" dagoela, eta Euskal Herriaren "izate nahia ez dela konponduko hori mahai gainean jarri artean". Espetxe eskumenaz galdetuta, nabarmendu du preso guztientzako kartzela politika "gizatiarragoa" egiteko baliatu beharko litzatekeela.

Aurrekontuen negoziazioei galdetuta, nabarmendu du ez dela "txeke zuririk" egingo, eta EH Bildurekin egindako akordioak "betetzeko" daudela nabarmendu du: "Lan Erreformaren inguruko akordio hori bete beharko da”.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 'Udaberri Plana 2024'ri "gabezia asko" ikusten dizkiola adierazi du: "Elkarbizitzan eta bakean urratsak emateko arlo guztietan eman behar dira urratsak, eta biolentzia guztiei begiratu behar zaie".

Hezkuntza Lege Berriaren proposamenaz galdetuta, nabarmendu du EH Bilduk "euskal eskola publiko burujabe bateranzko bidea" marraztu duela proposamen honetan, eta ezinbestekotzat jo du urratsak ematea: "Geldialdia dagoela ikusi dugu, izan jaiotze-tasatik, segregazioagatik.. eta urrats bat emateko garaia iritsi dela ikusi dugu". Azpimarratu du Euskal Herri osorako plan bat dela, eta garrantzitsutzat jo du hezkuntza eragileen arteko "elkarrizketa pausatu" bat egitea, "eragile guztiek lana bere senti dezaten". Zentzu horretan, euskarak duen egoera izan du hizpide, eta adierazi du "legeak XXI. mendera ekarri" behar direla, "euskararentzat ekosistema berriak sortzeko".

Zerikusia duten artikuluak