Skip to main content

Julen Orbegozo: 'Ukrainatik heltzen zaizkigun irudi batzuk gerra erromantizatzen ari dira'

Gure begiz

Julen Orbegozo kazetariarekin aztertu dugu Ukrainako gerra komunikazioaren alorretik. Propaganda eta fake news-ak, agintarien lengoaia eta eszenografia... denak komunikatzen baitu, denak badu helburu bat.

Nabarmendu duenez, maila militarrean gertatzen den gerraz gain, gerra energetikoa eta gerra komunikatiboa ere badela "agerikoa da". Bakoitzak bere errelatoa eta eszenografiarekin, Zelensky eta Putinen komunikatzeko era antagonikoak aztertu ditu Orbegozok. Azaldu duenez, mandatari Ukrainarra "sinbolo bilakatu da Mendebaldeko gizartearentzako", hain justu bere hartzailea Mendebaldea duelako, gaineratu du. Bere helburua "nazioarteko komunitateari dei bat egitea" izango litzateke, "gerra honetan parte har dezan". Putinek, aldiz, gertutasunetik at irudi serioa eman nahi duela azaldu du, "gerra justifikatu behar" duelako nazioarteko elite politikoen aurrean.

Heltzen zaizkigun irudiez Orbegozok nabarmendu du horietako batzuk "gerra erromantizatzen" dutela. Bestetik, aipatu du errefuxiatuen ikuspegitik egiten ari direla erreportai asko; honen atzean "clickbait erraza" egon daitekeela salatu du, informazioaren "komertzializazioa".

Lengoaia eta eszenografia militarra, dena den, ez da soilik gerretan erabiltzen. Osasun larrialdia ezarri zenetik bi urte betetzen dira gaur, eta pandemian agintariek eta hedabideek hura erabili izan dute. Atzean helburu berdin bat dagoela azpimarratu du kazetariak; "gizartean beldurra sortzea".