Aitor Urresti: "Energia berriztagarria ekoitziz, argindarraren prezioak beherantz egin lezake"

Aitor Urresti EHUko irakaslearekin aztertu ditugu argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren gakoak, Sanchezen Gobernuak faktura mugatzeko iragarritako neurriak zein egoera honi aurre egiteko energia berriztagarriak eman ditzakeen aukerak.

Argindar konpainiek zentral nuklearrak itxiko dituztela esatea "xantaiatzat" jo behar dela nabarmendu du Urrestik: "Betidanik esan dute energia nuklearra ekoiztea merkea dela, eta orain, irabaziak dituztenean eta elkartasunez jokatzeko eskatzen zaienean, horrelako xantaia egiten dute", salatu du. Zehaztu duenez, zentral nuklearrei inbertsioa itzuli egin zaie moratorio nuklearraren bidez, eta hain zuzen, zehaztu du azken urteetan 4.000 milioi euro itzuli zaizkiela hainbat enpresari.

Urrestik Estatuko argindarraren prezioa Europako preziorik merkeena dela azpimarratu du, eta azaldu du Europa osoan gertatzen ari dela prezioaren gorakada. Azaldu du horren kausak izan daitezkeela Europa osoko argindar konpainien "espekulazio mugimenduak", eta horregatik, Gobernuetatik neurri berriak ezarri nahian ari direla: "Ikusi behar da epe laburrean konponbiderik baduen, baina batez ere epe luzera zein konponbide aurki ditzakegun".

Bere iritziz, gero eta energia berriztagarri gehiago merkatuan sartzeak prezioen beherakada eragin beharko luke, baina zailtasunak ere ikusten dizkio horri: "Kontua da gaur egun, energia berriztagarriaren zati garrantzitsu bat ez dela merkatu elektrikoan merkatu librean saltzen, baizik eta kontratu bilateral bidez zuzenean merkatutik pasatu gabe, eta beraz, prezioa jaitsi gabe". Hori horrela, Urrestik adierazi du Estatuak subasta berri batzuk atera nahian ari direla "energia berriztagarri merke hauek merkatuan sartzeko, eta elektrizitatearen prezioa jaixteko".

Zerikusia duten artikuluak