Gure begiz

All Stories

Iosu Ganuza: "Euskara sustatzeko hitzarmena berritu dute AEK -k eta Osasunak"

Iosu Ganuza lankideak Nafarroako azken aktualitatearen berri eman digu Iruñetik. Besteak beste, Osasuna futbol taldeak eta AEK-k euskara sustatzeko berritu duten hitzarmena, Nafarroako Memoria Institutuak Frankismoaren biktimekin osatu duen errolda, Sarasate pasealekua berritzeko desadostasunak eta Osasuna futbol taldearen azken emaitzak ekarri dizkigu.

Alex Aginagalde: "Funtsezkoa da plataformei hizkuntzen gutxieneko kuotak jartzea"

Kezka sortu du Madrilgo Gobernuak prestatutako Ikus-Entzunezko Lege proposamenak. Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak dio "kezkatuta" daudela lege-proiektuan ez delako euskarazko edota gaztelera ez den beste hizkuntzetarako kuotarik ezartzen. Haatik, funtsezkotzat jo du hori hizkuntza horien presentzia bermatzeko.

Lege proiektua izanik, emendakinak eta aldaketak aurreikusten ditu Aginagaldek, eta "baikorra" dela adierazi du, "kataluniarrek eta euskaldunek Madrilgo Kongresuan duten indarra ikusita".

Koldo Aulestia: "Oso garrantzitsua da alzheimerraren ikerketa eta aurretiazko diagnostikoa"

Alzheimerraren Nazioarteko Egunean Koldo Aulestia AFAGI alzheimerra duten pertsonen familia eta lagunen elkarteko presidentearekin hitz egin dugu. Azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkartearen 30.urteurrena ospatzeko.

Aulestik adierazi du "kezkatuta" daudela alzheimerra duten "gero eta pertsona gehiago" daudelako, eta nabarmendu du 100 kasutik 30 ez daudela diagnostikatuta: "Oso garrantzitsua da ikerketa, eta aurretiazko diagnostikoa", azpimarratu du. Zaintza lanak balioan jartzeko eta inklusibitatea lantzeko beharra ere nabarmendu du Aulestiak.

Marian Fernandez: "Ikusleen ikuspuntua izan da gure ikuspuntua"

Cristina Iglesias artistak sortutako Hondalea arte instalazioaren prozesua erakusten duen dokumentala da Asier Altunak zuzendutako Hondalea, amildegia itsasoan filma, eta gaur estreinatuko dute Euskal Zinemaren galan. Txintxua Films ekoiztetxeko kideek sortu dute, eta Marian Fernandez ekoizlearekin hitz egin dugu dokumentala egiteko prozesuaz eta filmak izango duen ibilbideari buruz.

Fernandezen esanetan, "ikusleen ikuspuntua" izan da beren ikuspuntua, eta gehitu du "kuriosidade handiz" jarraitu dutela Cristina Iglesiasen eta bere kolaboratzaileen lana, "ezer fikzionatu gabe". Horrez gain, azpimarratu du ikusteke dagoela filmaren bidea, baina ikusleei erakustea gustatuko litzaiokeela.

Udane Arbeo: "ASTEKLIMAren helburu nagusia da herritarrak kontzientziatzea"

Udane Arbeo lankideak gaurkotasun instituzionalaren berri eman digu Gasteiztik. Jaurlaritzak bigarren omenaldia egin die gaur Covid19agatik hildakoei, Gasteizko Sempervirens parkean. Bestalde, urtea amaitu aurretik Transferentzien Batzorde Mistoa batzartu eta bi transferentzia gehiago adostea espero da: bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak.

Horrez gain, klima larrialdiari aurre egiteko eta gizartea "kontzientziatzeko" helburuarekin hasiko den ASTEKLIMAren berri ere eman digu Arbeok; irailaren 24tik urriaren 3ra izango da.

Mikel Urbeltz: "Oraindik ez dugu Bilboko Kafe Antzokia irekitzeko aukerarik izan"

Egoera epidemiologikoak hoberantz egin duen heinean, LABIak ere neurriak malgutu ditu, eta asteburu hau mugarria izan da gaueko aisialdiarekin lotutako sektorearentzat. Mikel Urbeltz arduradunaren esanetan, aforoarekin eta ordutegiarekin lotutako aldaketak egin dituzten arren, ez dira "nahikoak" izan Kafe Antzokia irekitzeko: "Aforoa eta jendeak eserita egon behar duela kontuan hartuta, ez dugu irekitzeko aukerarik izan".

Hala ere, "itxaropentsu" dago, eta datozen asteetan neurriak are gehiago arinduko dituztela uste dute. Pandemia hasi zenetik itxita egon arren, lanean jarraitu dutela azpimarratu du Urbeltzek, eta urrirako programazioa "prest" dagoela azaldu du.

Urko Olazabal: "Tranpetan jausi gabe kontatu nahi genuen Maixabelen historia"

Donostiako Zinemaldian estreinatu da Maixabel Lasaren bizipenetan oinarritutako 'Maixabel' filma. Urko Olazabal da filmeko aktoreetako bat eta berarekin filmak dakarrenaren eta izan duen harrerari buruz hitz egin dugu. Olazabalek azaldu du filmak "sekulako harrera" izan zuela eta "txaloaldi bero eta hunkigarria" jaso zutela Kursaaleko aretoan. Olazabalek azaldu duenez, protagonista bakoitzaren bide emozionala lantzen da pelikulan, "amorrutik maitasunerako bidea".

Luis Carrasco ETA kide ohiaren azalean sartzea egokitu zaio Olazabali, eta, horretarako, Carrascorekin berarekin bildu dela azaldu du. Material "sentsiblearekin" lan egin dutela aitortua, "errespetu handiz" jokatu dutela nabarmendu du: "Tranpetan jausi gabe kontatu nahi genuen historia".

Paul Bilbao: "Botere judiziala hizkuntza politika egiteko saiakera egiten ari da beste behin"

Aste honetan jakin da udal aktak euskara hutsean idaztea zilegi den edo ez aztertuko duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Horren harira, Paul Bilbo Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiarekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan.

Salatu duenez, botere judiziala "hizkuntza politika egiteko saiakera" egiten ari da auzia Auzitegi Konstituzionalera eramanda. Adierazi du "kezkatuta" dagoela instituzioek euskaldunon aurkako "eraso" horri eman dioten erantzun ezagatik; hori horrela, beharrezkotzat jo dute instituzioek, euskalgintzak eta eragileek "erantzun ozena" artikulatzea.

hamaika telebista

Image