Miren Erdoiza Durangoko Sareko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Euskal presoek pairatzen duten sakabanaketaz gain, pandemiaren eraginez hartutako neurriak salatu ditu: komunikazioa eten zaie eta isolamendua bere horretan mantentzen da, beraien osasun mentala kolokan jarriz. Bestalde, Oier Andueza presoa kalean da 20 urte espetxean eman ondoren. Hildo horretatik Erdoizak nabarmendu du kondena "oso-osorik" bete duela, eta "legea aplikatuz gero, askoz ere lehenago egon beharko zukeen kalean".
Iosu Ganuza lankidearekin izan dugu konexioa Iruñeatik Guean Gaur magazinean. Nafarroako hainbat albiste ekarri ditu Ganuza gurera: eliza katolikoak eginiko inmatrikulazioak, covi19 egoera, Landabengoko enpresen larrialdi ekonomikoa eta Caja Rural taldearen itzulera, besteak beste.
Ugo Mayor farmazialaria eta IkerBasqueko ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Momentu honetan, birusarekin elkarbizitzeko hautua egin dela nabarmendu du, eta "goranzko eta beheranzko gurpil batean" sartuta gaudela, non murrizketen bitartez lortzen den birusaren hedapena murriztea. Covid0 estrategiaz galdetuta, azaldu du momentu honetan ez dagoela baldintzarik estrategia horri heltzeko, baina plan horri heltzearen aldekoa da, hau da, kasuak murriztu eta birusaren hedapena gelditzea lehen "txinpartak" agertzen direnean.
Birusari aurre egiteko beste zenbait neurri har daitezkeela adierazi du, diagnostikorako eta aztanarientzako eta bakartze eta berrogeialdiak egin ahal izateko tresna gehiago, esaterako, eta zentzu horretan, nabarmendu du kasuen trazabilitatea askoz ere altuagoa izan dela Nafarroan, EAEn baino. Kasu zehatzera jota, aipatu du familiek ez dutela jaso positibo eman zezaketen haurrak zaintzeko babesik, eta azkenean, aiton-amonek sartu behar izan dutela etxe horietara ume horiek positibo izateko positibilitatea zegoenean. Era berean, ulertzezintzat jo du posible den enpresetan telelana martxan ez jartzea.
Ikerlariak azpimarratu du mendebaldean birusari aurre egiteko hartu den estrategia ez dela "fruitu onak" ematen ari: "Asian eta Ozeanian zenbaki onak dituzte, 0 covid planteamenduekin birusari ahalik eta gutxien hedatzen uztea erabaki dutelako". Europan, berriz, esperantza guztia txertoan jarri dela azpimarratu du, eta birusak ere B planak dituela ohartarazi du: "Birusa aldaerak sortzen den heinean, arriskuan jar dezake txertoen eraginkortasuna". Hori horrela, 0 COVID plantamendua martxan jarri beharko litzatekeela nabarmendu du, "Asian eta Australian gai izan direna inplementetzeko".
Niko Cuenca ekonomialaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak ekonomian izan dituen eraginei galdetuta, lehenagotik zeuden egoera batzuk azkartu dituela dio, "ikusezin" zeuden gabeziak azaleratu ditu, eta gizarte arrakalak areagotu dituela azaldu du.
Autogintzaren sektorea izan du hizpide, eta nabarmendu du etorkizuneko autogintza eredua definitu behar dela. Pandemiaren aurretk ere estatu mailan "gainprodukzioa" zegoela ohartarazi du; pandemiak okertu egin duela egoera, eta horren ondorioz, azpimarratu du litekeena dela lanpostu batzuk galtzea.
Cuencak datozen hilabeteetako egoera "kezkagarria" izango dela ohartarazi du. Alde batetik, enpresentzako likidezia emateko diru-laguntza lerroak atera zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Egoera luzatzen ari dela dio, eta horren ondorioz, likidezia krisia "kaudimen krisi" bihurtzeko arriskua dagoela nabarmendu du. Zentzu horretan, Cuencak adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela gaitasun ekonomikorik enpresa guztiei diru laguntzak emateko, eta aukeratu egin behar duela zein lagundu eta zein ez. Erabaki horretan, Cuencak adierazi du pandemiaren aurretik bideragarria ziren enpresek aukera gehiago izango dituztela diru-laguntzak jasotzeko.
Datozen hilabeteetan egoera okertu egingo dela dirudi. Cuencak adierazi du ERTEen ondorioz ez dela langabezia asko igo, baina sei hilabeteen buruan, ERTE horiek bukatu egingo direla ohartarazi du, eta enpresari batzuk aztertzen ari direla zein gastu suposatuko lukeen langile horiek lehenago kaleratzeak: "Enpresak lagundutako arnasaldian daude orain; laguntza horiek kentzeak sor dezakeen zuloa kezkatzekoa da", azpimarratu du.
Amazon bezalako enpresak ere izan ditugu hizpide, eta nabarmendu da Amazoneko sekulako eragina duela: kostu ekologikoa, kostu fiskala, lan-prekarietatearen sorrera, kale paisaia...Kontsumitzaile gisa hausnartu egin beharko genukeela dio.
Era berean, zorpetzea igo den momentu honetan, zerga sistema justuagoa eta progresiboa ezinbestekotzat jo du, ez dagoelako "besterik". Desazkundearen teoria ere izan du hizpide: "Agian shock-a eragingo genuke gizartean, baina asko ikas dezakegu horretatik". Zentzu horretan, "kapitalismo digitalaren" garaian, ezinbestekotzat jo du gizarte kritiko bat sortzea: "Argi izan behar dugu hartzen ditugun erabakiek ondorioak dituztela".
Ura Wall Streeten kotizatzen hasteaz galdetuta, ñabardura egin du urari prezioari jartzea baino, ureztatze sistemari jarri zaiola prezioa: "Horrek ez du esan nahi urarekin espekulatuko denik. Adi egon behar dugu, baina momentuz ez dugu kezkatu behar, azpimarratu du.
Jon Eritz Abanto Club-eko jokalaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bizkaiko Federazioak lehiaketara itzultzera behartu dituztela salatu du, segurtasun neurririk gabe eta LABIren oniritziz.
Fermí Rubiralta historialaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen emaitzen harira. Dioenez, ardatz indendentista "oso errotuta dagoela" agerian geratu da, eta berriz ere ERC eta JxCat-en arteko Gobernua izango dela. Bide horretan, CUPek zer-nolako papera izango duen aztertu du. Salvador Illari inbestidurara aurkeztuko dela dio, baina nabarmendu du presidentzia lortzea oso zaila izango duela: "Illak badaki ez duela inolako aukerarik presidentetza lortzeko. Presidentetzera aurkeztea eszenifikazio bat izango da, jendearteari erakusteko alternatiba bat direla".
Olatz Foruria kazetaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Saskibaloiko Errege Kopako finalaz eta Baskoniak Twitch eta Youtube bidez antolatutako programa esklusiboaz, futboleko emaitzak eta pilotan binakako txapelketako emaitzak komentatu ditu Foruriak.
Leire Ferro Elhuyar STEAMeko teknikaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, neska eta emakume zientzialariaren Nazioarteko egunean. Oraindik ere, rol eta aurreiritziak gizartean errotuta daudela nabarmendu du, eta horiek iraultzeko lanean ari direla.
Bizipoza proiektuaren azken argitalpena da "Mundu berri bat guztiontzat", 12 abestiz eta 11 bideoklipez osatutako lana. Bizipoza elkarteko Leire Elizegi, Biak Bat elkarteko Josune Azpiroz eta Anabel Arraiza 'Amigo' kantuko abeslaria izan ditugu gurekin.