Gure begiz

All Stories

Gorka Julio: "Automatizazio prozesuek bizitza duin eta kolektiboak eraikitzeko balio dezakete"

Gorka Julio OlatuKoop-eko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, Euskal Herria Digitala manifestua aurkeztu baitute eragile eta norbanako ugarik: sinatzaileen artean daude MRA Fundazioa, Ipar Hegoa, Iratzar Fundazioa, Olatukoop eta IPES, besteak beste.

Juliok azaldu duenez, kapitalismo digitalaren alternatibak pentsatzeko eta eztabaida irekitzeko asmoa du egitasmoak: "Aditu, aritu eta herritarren artean sozializatu eta elkarrekin pentsatzeko sarea sortzea da ekimenaren helburua", azaldu du.

Hainbat alorretan eztabaida piztu nahi dute, azken urteetan gertatzen ari den digitalizazio prozesuaz hausnartzeko. Digitalizazioak lan arloan ekarriko dituen aldaketez, esaterako, Juliok nabarmendu du teknologiak ez duela zertan enpleguaren suntsiketa ekarri; kontrara, nabarmendu du automatizazio prozesuek "bizitza duin eta kolektiboak eraikitzeko" balio dezaketela.

Ixone Retes: "Krisiaz baliatzen ari dira gure eskubideak murrizteko, eta ez dugu onartuko"

Ixone Retes Tubacexeko langilea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Asteazkenean Petronorreko Muskizko findegiko langileak babesten izan dira, greba egiten ari baitira ekainaren 20ra arte langileen herenari eragiten dien lan-erregulazioko espedientea bertan behera utz dezatela exijitzeko.

Bi enpresetako egoera salatu du Retesek, eta nabarmendu du borrokan jarraituko dutela langileen kaleratzak bertan behera utzi arte. Hain zuzen, beste hainbat enpresarekin batera, enplegu duinaren aldeko manifestazioa deitu dute ostiral honetarako, Bilbon.

Vero Satrustegi: "Castillok data sinbolikoan hartuko du kargua Perun, Independentzia Egunean"

Veronica Satrustegi Perun bizi den kazetaria izan dugu Hamaika Telebistan. Hego Amerikako egoera soziopolitikoa aztertu dugu, hainbat herrialdeetako egunerokotasunari helduta. Peruko hauteskundeen ondorena, Txileko eskualdeetako hauteskundeak, Kolonbiako istilu eta hilketak, Nikaraguako oposizioko buruzagi batzuen atxiloketak eta hidrokarburoen prezioaren igoera salatzeko Ekuadorreko indigenek egin dituzten protestak izan ditugu hizpide, besteak beste.

Ugo Mayor: "Optimistak izan behar dugu, baina alerta mantendu behar dugu aldaeren aurrean"

Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Salatu duenez, birusarekin lanean ari diren ikerlariak ez dituzte txertatu oraindik, eta "ulertezintzat" jo du egoera. Bere esanetan, dekretu batek jasotzen du birusarekin lan egiten dutenei babesa eman beharko litzaiekeela txertoa baldin badago, baina administrazioak esan die adinez tokatzen zaienean jasoko dutela.

Egoera epidemiologikoaz galdetuta, datuek hoberantz egiten duten heinean eta txertaketa geroz eta orokortuagoa den heinean, optimistak izateko arrazoiak badaudela onartu du ikertzaileak, baina aldaeren aurrean "adi" egoteko deia egin du; izan ere, Delta aldaera esaterako, kutsakorragoa dela aipatu du.

Beñat Irasuegi: “Distopietan agertu diren errealitateak gero eta errealagoak dira”

Asteartean 'Nola pentsatzen dugu etzi izango garena? solasaldia eskainiko dute Iratzar fundazioko youtube kanalean. Utopiaz eta distopiaz mintzatuko dira Ane Abarrategi eta Beñat Irasuegi. Solasaldiaren aurrerapen gisa, Beñat Irasuegi Olatukoop sareko kidearekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan.

Julen Bollain: "Osasun eskubidea interes merkantilisten gainetik jarri beharko litzateke"

Julen Bollain 'Right2Cure Euskadi' plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Patenteak askatzearen alde sinadura bilketa abiatu du plataformak, eta Europako Legebiltzarrean aurkeztea da helburua, bertan eztabaidatzeko aukera zabaltzeko.

G7 Goi Bilerak eta Munduko Nazioarteko Funtsak proposamenak luzatu dituzte azkenaldian txertoen banaketa desparekoarekin amaitzeko; txertoak banatzea edo diruarekin laguntzea dira proposatutakoak. Bollainek adierazi duenez, bidea ez da karitatea: "Erantzun demokratikoa patenteak askatzea izango litzateke", defendatu du. Hori horrela, patenteen liberalizazioei esker, 12 milioitik 60 milioi txerto ekoiztera igaroko liratekeela nabarmendu du. Oztopo nagusiak, ordea, Europa eta farmazeutikoak direla salatu du Bollainek, "txertoen behin behineko liberalizazioak kolokan jarriko lukeelako farmazeutikoen boterea".


Milioi bat sinadura behar dira abuzturako, eta hemen sina daiteke.

hamaika telebista

Image