Gure begiz

All Stories

Marian Fernandez: "Ikusleen ikuspuntua izan da gure ikuspuntua"

Cristina Iglesias artistak sortutako Hondalea arte instalazioaren prozesua erakusten duen dokumentala da Asier Altunak zuzendutako Hondalea, amildegia itsasoan filma, eta gaur estreinatuko dute Euskal Zinemaren galan. Txintxua Films ekoiztetxeko kideek sortu dute, eta Marian Fernandez ekoizlearekin hitz egin dugu dokumentala egiteko prozesuaz eta filmak izango duen ibilbideari buruz.

Fernandezen esanetan, "ikusleen ikuspuntua" izan da beren ikuspuntua, eta gehitu du "kuriosidade handiz" jarraitu dutela Cristina Iglesiasen eta bere kolaboratzaileen lana, "ezer fikzionatu gabe". Horrez gain, azpimarratu du ikusteke dagoela filmaren bidea, baina ikusleei erakustea gustatuko litzaiokeela.

Koldo Aulestia: "Oso garrantzitsua da alzheimerraren ikerketa eta aurretiazko diagnostikoa"

Alzheimerraren Nazioarteko Egunean Koldo Aulestia AFAGIko alzheimerra duten pertsonen familia eta lagunen elkarteko presidentearekin hitz egin dugu. Azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkartearen 30.urteurrena ospatzeko.

Aulestik adierazi du "kezkatuta" daudela alzheimerra duten "gero eta pertsona gehiago" daudelako, eta nabarmendu du 100 kasutik 30 ez daudela diagnostikatuta: "Oso garrantzitsua da ikerketa, eta aurretiazko diagnostikoa", azpimarratu du. Zaintza lanak balioan jartzeko eta inklusibitatea lantzeko beharra ere nabarmendu du Aulestiak.

Udane Arbeo: "ASTEKLIMAren helburu nagusia da herritarrak kontzientziatzea"

Udane Arbeo lankideak gaurkotasun instituzionalaren berri eman digu Gasteiztik. Jaurlaritzak bigarren omenaldia egin die gaur Covid19agatik hildakoei, Gasteizko Sempervirens parkean. Bestalde, urtea amaitu aurretik Transferentzien Batzorde Mistoa batzartu eta bi transferentzia gehiago adostea espero da: bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak.

Horrez gain, klima larrialdiari aurre egiteko eta gizartea "kontzientziatzeko" helburuarekin hasiko den ASTEKLIMAren berri ere eman digu Arbeok; irailaren 24tik urriaren 3ra izango da.

Mikel Urbeltz: "Oraindik ez dugu Bilboko Kafe Antzokia irekitzeko aukerarik izan"

Egoera epidemiologikoak hoberantz egin duen heinean, LABIak ere neurriak malgutu ditu, eta asteburu hau mugarria izan da gaueko aisialdiarekin lotutako sektorearentzat. Mikel Urbeltz arduradunaren esanetan, aforoarekin eta ordutegiarekin lotutako aldaketak egin dituzten arren, ez dira "nahikoak" izan Kafe Antzokia irekitzeko: "Aforoa eta jendeak eserita egon behar duela kontuan hartuta, ez dugu irekitzeko aukerarik izan".

Hala ere, "itxaropentsu" dago, eta datozen asteetan neurriak are gehiago arinduko dituztela uste dute. Pandemia hasi zenetik itxita egon arren, lanean jarraitu dutela azpimarratu du Urbeltzek, eta urrirako programazioa "prest" dagoela azaldu du.

Urko Olazabal: "Tranpetan jausi gabe kontatu nahi genuen Maixabelen historia"

Donostiako Zinemaldian estreinatu da Maixabel Lasaren bizipenetan oinarritutako 'Maixabel' filma. Urko Olazabal da filmeko aktoreetako bat eta berarekin filmak dakarrenaren eta izan duen harrerari buruz hitz egin dugu. Olazabalek azaldu du filmak "sekulako harrera" izan zuela eta "txaloaldi bero eta hunkigarria" jaso zutela Kursaaleko aretoan. Olazabalek azaldu duenez, protagonista bakoitzaren bide emozionala lantzen da pelikulan, "amorrutik maitasunerako bidea".

Luis Carrasco ETA kide ohiaren azalean sartzea egokitu zaio Olazabali, eta, horretarako, Carrascorekin berarekin bildu dela azaldu du. Material "sentsiblearekin" lan egin dutela aitortua, "errespetu handiz" jokatu dutela nabarmendu du: "Tranpetan jausi gabe kontatu nahi genuen historia".

Paul Bilbao: "Botere judiziala hizkuntza politika egiteko saiakera egiten ari da beste behin"

Aste honetan jakin da udal aktak euskara hutsean idaztea zilegi den edo ez aztertuko duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Horren harira, Paul Bilbo Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiarekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan.

Salatu duenez, botere judiziala "hizkuntza politika egiteko saiakera" egiten ari da auzia Auzitegi Konstituzionalera eramanda. Adierazi du "kezkatuta" dagoela instituzioek euskaldunon aurkako "eraso" horri eman dioten erantzun ezagatik; hori horrela, beharrezkotzat jo dute instituzioek, euskalgintzak eta eragileek "erantzun ozena" artikulatzea.

Inaxio Oiarzabal: "Elkarbizitza sanorako ezinbestekoa da salbuespenezko legediarekin amaitzea"

Aste honetan harrabots handia sortu du Sarek Unai Parot aske utz dezatela eskatzeko Arrasaten deitu duen mobilizazioak. Inaxio Oiarzabal plataformako kidearen esanetan, ez dute "inolako" omenaldirik egingo larunbatean; kontrara, "salbuespenezko legedia" bertan behera uzteko, eta legedia arrunta aplikatzeko eskatuko dute.

Zentzu horretan, Oiarzabalek adierazi du "harrituta" daudela manifestazio hau izaten ari den oihartzunarekin, orain arte beren ekimenekin bat egin duten pertsona askok "zalantzan" jarri dutelako mobilizazioaren zergatia.

Oiarzabalek azaldu duenez, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten lehenengo Paroti, eta gero, 7/2003 legea aplikatuz, 40 urteraino luzatu zioten zigorra. Oiarzabalek azpimarratu du lege hori ez dela legezkoa, eta bertan behera gelditu behar dela azpimarratu du. Oiarzabalek gaineratu du elkarbizitza "sanoa" eraikitzeko "ezinbestekoa" dela salbuespenezko legedi hori bertan behera uztea.

Koldo Otamendi: "Bostgarren denboraldia itxuraldatuta dator baina helburu berdinarekin"

Musika Zuzenean saioaren 5.denboraldiari ekingo diogu gaur Hamaika Telebistan, eta zifra borobila izango du gaurko saioak: 150. saioa. Koldo Otamendi aurkezlearen esanetan, itxura aldatu diote programari, baina helburu bera izaten jarraituko du: "Musika talde berriak ezagutaraztea".

Urtemuga borobila ospatzeko, zuzeneko emanaldia ere antolatu dute bihar Donostian. Etxeko taldeak izango dira agertokian, tartean Hamaika telebistako lankideak: "Lagunartean eta zuzeneko musikarekin ospatuko dugu", dio Otamendik.

Gaurtik aurrera, beraz, Musika Zuzenean saioa 20:15ean eta 22:00etan, eta nahieran www.hamaika.eus webgunean.

hamaika telebista

Image