Skip to main content

Yolanda Jubeto: "Administrazioek ez dute trantsizio ekologikoa ikuspegi feministatik aztertu"

Elkarrizketa

Yolanda Jubeto ekonomialari feminista elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Jubetoren iritziz, sistema kapitalista krisiz "josita" dago: "Krisiak ziklikoak dira, eta gero eta abiadura handiagoa hartzen ari dira", azaldu du. Nabarmendu du 2008ko krisiaren ondorioak "gainditu gabe" zeudenean ailegatu dela krisi hau, eta horrek aeragotu egin dituela kohesio soziala "galarazten" duten hainbat gako: "Kolektibo soo prekarioak daude, eta ez zaie erantzunik eman", salatu du. Halaber, adierazi du administrazioen helburua "normalitatera" itzultzea dela, baina gauzak errotik aldatu behar direla nabarmendu du.

Diru sarrera gutxi dituztenentzat errenta bermatzea ez dela "utopia" dio: "Borondate kontua da". Ekonomialariaren iritziz, dirua egon badago, kontua da "nola banatzen den". Era berean, pribatizazio joerari aurre egiteko planik ez duela ikusten dio, eta zentzu horretan, berdintasuna administrazio guztientzat aparte dagoen zerbait dela dio: "Ez dago erdigunean".

Jubetok adierazi duenez, "itun sozial" berri bat ezinbestekoa da, eta nabarmendu du herritarren denbora antolatzeko "jauzi" bate gin behar dela: "Gure bizi kalitatea erdigunean jarriko duen eredu baterantz joan behar dugu: malgua, irekia, emakumeon gain dauden zama bikoitzak kenduko dituena..."

COVID19ak eragindako krisi ekonomikoari erantzuteko zorpetzea egoki ikusten du, baina nabarmendu du "erabazi politikoa" dela zorpetzea "noren gainean" uzten den; zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du zerga sistema justu bat.

Europatik datozen funtsei galdetuta, adierazi du "presio handiagoa" egon daitekeela horren truke murrizketak ezartzeko. Hala ere, salatu du administrazioetatik ez dela azterketa sakonik egin nola egingo den trantsizio ekologikoa ikuspegi feminista batetik. Zentzu horretan, salatu du ekonomia berdea multinazionalen esku gelditu dela, eta horrek arrisku "asko" dituela dio, beren helburua ahalik eta "etekin ekonomikorik" handiena ateratzea delako.

Jubetok dio birlokalizatu egin behar direla oinarrizkoak diren ekoizpenak, deslokalizazioak "oso kaltegarriak" direlako: "Hazkunde ekonomikoa norentzat? Eta zeren kostura?", galdegin du. Izan ere, salatu du pertsonak, lurraldeak, komunitatea.. aparte uzten direla. Zentzu horretan, herri gisa eztabaidatzeko kontu ugari daudela azaldu du, baina adierazi du ez dagoela kulturarik eztabaidarako eta negoziaziorako.