Skip to main content

Uxue Barkos: "Aldaketa klimatikoarekin zerikusia duten politika askorekin bat eginez, kontzeptu sozial bat garatu nahi dugu"

Elkarrizketa

Uxue Barkos Geroa Bai koalizioaren bozeramaile eta Geroa Sozialberdeak Europan duen alderdiaren idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Barkosek adierazi du egoera honek "argii" utzi duela osasun sistema indartsua dela, baina ez dela horrelako egoerei aurre egiteko bezain indartsua. 

Hala ere, osasun krisiaz gain, nabarmendu du krisi ekonomiko gogorrari aurre egin beharko diotela hurrengo urteetan, eta ondorioz, bera ez datorrela bat UPN edo Navarra Suma egiten ari diren oposizioarekin. Egoerari aurre egiteko estrategia propioa behar dela azpimarratu du: "Gure inguruan diren estrategiekin koordinatuta, baina gure erronkei eta gure oportunitateei begiratu behar diegu".

Txertaketa kanpainaz galdetuta, nabarmendu du Europar Batasuneko agintariek "kolpe gogorra" eraman beharko luketela mahai gainean, enpresa farmazeutikoek ez dutelako "hitzemandakoa bete". 

Zentzu horretan, ulertezintzat jo du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak esandakoa: "Esan baldin badute ekainerako edo uztailerako herritarren %70ak txertatuta egon behar duela, horrek izan behar du helburua".

Geroa Socialverdes alderdi berria izan du hizpide Barkosek, eta adierazi du aldaketa klimatikoarekin zerikusia duten politiko askorekin batera, "kontzeptu sozial" bat garatu nahi dutela: "Garapen ekonomiko jasangarria eta aldaketa klimatikoa uztartu behar dira", zehaztu du. Era berean, azpimarratu du koalizioaren barnean diren sentsibilitate politikoak kontuan hartu dituztela proposamen honetan.

Manu Aierdiren auziaz galdetuta, kontseilaria "ikertu" gisa "soilik" deituta dagoela nabarmendu du: "Manu Aierdiren gestioaren defentsa egiteko testigu gisa deitu nau UPNk berak". Zentzu horretan, azpimarratu du UPNren helburu bakarra dela Gobernuan krisi bat sortzen saiatzea, baina nabarmendu du ez dutela lortuko. 

EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak lortutako akordioa izan du hizpide, eta oso garrantzitsutzat jo du 2019an lortutakoa: "UPNren eta PSNren harreman naturala moztea eta Parlamentuko beste alderdien laguntza behar izatea". 

Euskararen Legea ere izan du hizpide, eta nabarmendu du 2019ko hautesnde programan jaso zutela hori aldatzea: "2019an ez zen posible izan Ezkerrak nahi ez zuelako", nabarmendu du. Zentzu horretan, adierazi du beren erronka dela Alderdi Sozialistarekin adostasuna lortzea, baina ezberdintasun "sakonak" dituztela onartu du.