Tasio Arrizabalaga: “Estatuaren biktimak deserosoak dira hainbat ebidentzia aurkezterakoan”

Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Txabi Etxebarrieta gogoratzeko asteburuko bi ekimenen inguruan sortutako polemikaz hitz egiten hasi dugu elkarrizketa, eta nabarmendu du horrelako alibsteek "errealitatearen aurrean" jartzen dituztela: "Biolentzia batzuei kontsiderazio batzuk ematen zaizkie, eta beste batzuei beste batzuk". Zentzu horretan, nabarmendu du Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuela ez zegoela ekitaldiak egiteko arazorik; hala ere, adierazi du Bilboko Udaren aldetik "babes" falta eta eta "desprezioa" sentitu dituztela.

Polemika honen zergatiez galdetuta, Arrizabalagak azpimarratu du "errelatoaren batailan murgilduta" dagoela Euskal Herria, eta estatuaren biktimak biktima "inkomodoak" direla zenbaitentzat: "Zenbait ebidentzia mahai gainean jartzeko garaian, askok entzungor egiten digute", zehaztu du. Era berean, azpimarratu du horrelako ekimenak egitea oso garrantzitsua dela "gertatu dena ahaztu ez dadin, eta berriro gerta ez dadin".

Gasteizen inauguratu berri duten Biktimen Memoriala izan du hizpide, eta nabarmendu du "ikuspegi diskriminatzailetik harago, herri honetan gertatu diren giza eskubide urraketa guztiak perspektiba inklusibotik lantzea ezinbestekoa dela". Zentzu horretan, nabarmendu du egia dela gainontzeko eskubideak bermatuko dituen eskubidea: "Gizarte heldu bat izango bagina, gai izango ginateke memoria osorako tresnak garatzeko. Zenbait biktima modu ofizialean aitortu gabe baldin badaude, nola oroituko ditugu?", galdetu du.

Instituzioei "ausardia" eskatu die aurrerapausoak emateko, "autokritikoak" izateko, eta "gatazkaren testuinguruan jokatutako papera, eta izandako ardurak nor bere gain hartzeko". Aitortza ofizializatzeko tresnak martxan jar ditzatela eskatu dute, "eskubide urraketen arteko kategorizazioa" bultzatzen jarraituko ez dutenak: "Hori izango da bakearen eraikuntzak pausoak emateko bermea", nabarmendu du.

Bide horretan, Sekretu Ofizialen Legea bezalako "motxilak" desagertzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta egiarako eta aitortzarako eskubidea azpimarratu ditu: "Giza eskubide berdinek aitortza berdina izan behar dute; printzipio horretan pausoak eman behar ditugu".

B-Egiaz plataformaren aurkezpena izan du hizpide, eta nabarmendu du horrelako ekimenak ongi etorriak direla, herri honetan gertatu dena argitzeko bidean lan egiten duelako: "GALen biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako bermean behar dituzte, eta hau ez da GALen biktimen kontua bakarirk, indarkeria guztian jasan ditugunona baizik".

Zerikusia duten artikuluak