Skip to main content

Oihana Goiriena: 'Ez nago ziur Pablori gutun guztiak heltzen ote zaizkion; zentsuratik pasatzen dira'

Elkarrizketa

Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen emaztea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Goirienak “pozez” hartu du senarra ikusteko aukera, baina aitortu du “arduratuta” ere egon zela: “Oso hunkigarria izan zen, familiako kontuez hitz egin genuen…” Nabarmendu du animoz “ondo” ikusi zuela, baina salatu zuela “traba” ugari dituela edozertarako. Fisikoki, berriz, azpimarratu du “oso ahulduta” ikusi duela, “20kg gutxiagorekin”.

Goirienak azpimarratu du abokatu berriak sartu direla kasuan, “profil teknikoagoa dutenak eta arazo penaletan zailduagoak”, eta dio abokatu horiek sartu eta berehala iritsi dela bisitan joateko aukera. Hala ere, dio Pabloren legezko egoera ez dela aldatu, eta behin behineko espetxealdian egon beharko duela beste hiru hilabetez gutxienez: “Gero ikusi beharko da zer gertatzen den”. Hori horrela, Goirienak dio abokatuak lantzen ari direla fiskalaren hurrengo eskaerari zelan erantzun.

Goirienaren esanetan, Pablok ezin izan du oraindik beren seme alabekin hitz egin, eta inkomunikatuta jarraitzen du. Gutun bidezko harremana dutela dio, baina ez dago ziur gutun guztiak ailegatzen ote zaizkion, kontrolatuta daudelako.
Goirienak uste du Poloniako agintariak “erratu” egin diela, edo “hanka sartu” dutela: “Ez dakite honetatik nola irten”. Horrez gain, dio Pablori “zerbait larria” gertatzeko arriskua ikusten zuela, baina dio ez zuela horrelakorik espero. Horrez gain, nabarmendu du bere senarrari gertatu zaiona “aurrekaria” izan daitekeela beste kazetarientzako.

Espainiako Gobernuaren jarrera “oso epela” izan dela dio, eta nabarmendu du “Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari ez zaiela interesatzen Poloniari ezer aurpegiratzea".