Nikolas Blain: "Alimaleko erasoa da euskararentzat eta euskaldunontzat"

Nicolas Blain EH Baiko bozeramaileari elkarrizketa egin diogu Hamaika Telebistan. EH Baiko bozeramailearen iritziz, pasa den astean Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako ebazpena "alimaleko erasoa" da euskararentzat eta euskaldunontzat: "Ebazpenak atea irekitzen du murgiltze ereduaren kontra, zehaztu gabe bakarrik publikoan gertatuko dela. Galderazko puntu handia dugu Seaskaren etorkizunari begira, eta horrek ere du haserrea pizten", salatu du.

Kantonamenduetako hauteskundeak izan ditu hizpide Blainek, eta nabarmendu du alderdi batzuek behar dutela beren helburuak galdezkatu, "Parisen sostengatzen dutelarik gobenamendua". Zentzu horretan, azpimarratu du erabakiguneak herritarrengandik hurbilago jarri behar direla. Era berean, COVID19ak eragindak pandemiak ekarriko duen krisi ekonomiko eta soziala izan du hizpide: "Krisi ekonomiko eta sozialari lotu beharko gara orain buru-belarri, prekarietatean den jendea ez uzteko bizkar".

Zentzu horretan, nabarmendu du Ipar Euskal Herriko herri guztietan egonen dela EH Bai bozkatzeko aukera, eta azken urteetan karriketan egindako lanak beren emaitzak eman dituela azpimaratu du: "Ez gira mugimendu instituzionalizatua soilik, eta hain zuzen, sektore batzuengandik ohartzen gira sustengua badugula eta aktibazio lan horrek fruituak eman dituela". "Ziur" da mezua gaur egungo testuingurura egokituz, sinesgarritasuna irabaziko dutela, eta gero eta gehiago jendea ohartuko dela alternatiba bat ordekatzen dutela.

Era berean, nabarmendu du pandemiaren krisia ez dela bukatua oraindik, baina pandemiak eragingo duen krisi ekonomikoari heldu behar dietela instituzioek: "Ez baldin badute instituzioek arlo sozialetik tiratzen errenta minimo bat segurtatzeko herritarrei, bihar arazo larriagoak ere gertatuko dira". Horrez gain, lehentasunezkotzat jo du zazpi lurraldeen arteko trukaketa, eta zubi lanean aritzea.

Bakegintzan emandako pausoak izan ditu hizpide Blainek, eta nabarmendu du borroka armatuaren ondorioak ez direla konponduak: "Aurrepausoak eman badira ere, benetan uste dut lan handia egiteko dugula oraindik". Mixel Berhokoirigoin maiatzaren7an hil zen militante nekaezina izan du hizpide, eta nabarmendu du "alimaleko xantza" izan dela Mixel Merhokoirigoinekin borrokaren bide bat partekatzea: "Maisu bat joan zaigu".

Zerikusia duten artikuluak