Mitxel Lakuntza: "Inbertsio publikoa handitzen ez den bitartean, enplegua eta ekonomia ez dira salbatuko"

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19aren pandemiak eragindako egoera dela eta, osasungintzan baliabide gehiago eta planifikazioa behar direla azpimarratu du. Halaber, salatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak Estatu mailako behin behinekotasun tasarik handiena duela. Osasungintzari dagokionez, Europar Batasunaren datuekin alderatu du egoera. Lakuntzaren esanetan, Europar Batasuneko herrialdeek batez beste BPGaren %7a inbertitzen dute osasungintzan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuakoan %4,8koa da zifra hori: "Eusko Jaurlaritzak zifra hori inbertituko balu, 800 milioi euro gehiago inbertituko lituzke osasungintzan". 

Lakuntzak salatu du Eusko Jaurlaritzaren mezua izan dela ahalik eta dirurik "gutxien" gastatzea, eta ahalik eta "propaganda" gehien egitea. Zentzu horretan, pandemia honen kudeaketan Eusko Jaurlaritzak izan duen erantzukizun politikoa mahai gainean jarri behar dela nabarmendu du. Aurrekontuak hizpide izan ditu, eta adierazi du 2020ko aurrekontuen gastu erreala %1,5 igo dela soilik: "Pandemia bat egongo ez balitz bezala kudeatu dute egoera". Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren jardunak bi ezaugarri nagusi izan dituela: "inertziari jarraitzea eta propaganda".

Europako Batasunaren funtsak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du horiek jasotzeko pentsioetan eta lan munduan murrizketak egin behar baldin badira, nahiago dutela ez jaso. Bere iritziz, hor kokatu behar da eztabaida. Era berean, ezinbestekotzat jo du inbertsio pubikoa handitzea, enplegua eta ekonomia salbatuko badira, eta azpimarratu du herri honetako ezkerrarentzat lehentasuna izan beharko litzatekeela pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako borroka. 

Covid19ak enpleguaren suntsiketa areagotu duela adierazi du, eta zehaztu du 22.500 pertsonak galdu dutela enplegua 2020.urtean Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, nabarmendu du "genero eta belaunaldi irakurketa" duela enpleguaren galerak, eta 25 urtetik beherakoak eta emakumezkoak dira kaltetuenak. Lan istripuak ere izan ditu hizpide, eta nabarmendu du prekarietatea areagotzeak segurtasun falta handitzea ekarri duela. Zentzu horretan, nabarmendu du beharrezkoa dela prekarietatea eragiten duen lan erreforma indargabetzea.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image