Skip to main content

Miren Echeveste: "Inbertsio publikoa handitu egin behar da osasungintzan, egiturazko gabezia larriak ditugulako"

Elkarrizketa

Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Txertaketa kanpainan sortu den polemikaz galdetuta, adierazi du kargu publikoek dimisioa ematea ez dela nahikoa: "Ikerketa batzorde bat eratzea ezinbestekoa da". Txertaketaren estrategia "egokia" iruditzen zaio, baina txertaketaren abiadura "motela" dela iritzi dio.

Era berean, Echevestek azpimarratu du neurriak ezartzearekin batera pedagogia egin behar dela jendeak ikusteko neurriak zergatik aplikatu behar diren, zergatik diren garrantzitsuak.. Horretaz gain, Elkarrekin Podemoseko kideak adierazi du inbertsio publikoa handitu egin behar dela osasungintzan, "egiturazko gabezia larriak" dituelako.

Donostiako Alde Zaharrean gertatu diren istiluez galdetuta, erantzukizuna eskatu die herritarrei: "Ulertzen dugu jendea nekatuta dagoela, baina hori ez da aitzakia horrelako boteloiak antolatzeko". Era berean, "erabat deitoragarria" iruditzen zaio Ertzaintzaren jarrera.

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du EAJ ez zegoela hitz egiteko prest: "EAJk hitz egiteko prest zegoenaren itxurak egin dituen arren, benetan ez zegoen akordioetara iristeko prest". Zentzu horretan, adierazi du aberatasuna birbanatzea dela zerga sistemaren helburua, baina nabarmendu du EAJk eliteekin bat egin duela, eta ez duela nahi "haien pribilegoak" ukitzerik. Halaber, adierazi du akordioak lortzen saiatuko direla beti, PSE-EE eta EAJ hitz egiteko prest baldin badaude.

Aintzane Pujanaren hilketa izan du hizpide, eta erabat deitoragarritzat jo du: "XXI. mendean oraindik horrelakoak gertatzea erabat lotsagarria da". Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du gizarte osoaren eta instituzio guztien lana "berdintasunean aurrera egin ahal izateko".