Miren Dobaran: "Legegintzaldi honetan, guretzat estrategikoa da eremu sozioekonomikoa"

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Dobaranek Euskaraldia antolatzeko herrietako batzordeetako kideen lana azpimarratu du: "Ehunka bolondres aritu dira lanean, eta hau izan da emaitza".

Ariguneak oso garrantzitsutzat jo ditu, eta lantokietako barne ariguneak nabarmendu ditu: "Pertsona taldeak ados jarri dira euskaraz lan egiteko, eta horrek etorkizunerako ere bideak irekitzen ditu". Aurtengo edizioan, Ahobizi rola aukeratu duten pertsonak gehiengoa dira oraindik, eta Dobaranek nabarmendu du rolaren hautaketa jokabidearen inguruko hautua dela: "Ez dauka zerikusirik gaitasunarekin".

Izen eman duten pertsonen profilari begiratuta, gehiengoa emakumezkoak dira. "Badirudi euskararen zaintza eta sustapena emakumezkoekin lotuta dagoela. Aztertu beharko dugu zergatik ez garen gai gizonak era masiboan erakartzeko", adierazi du sailburuordeak.

Euskararen erronka nagusiak ere izan ditu hizpide, eta nabarmendu du eremu akademikotik harago, euskarak esparru gehiago irabazi behar dituela "urgentziaz". Legegintzaldi honetan, "estrategikotzat" jo du eremu soziekonomikoa; zentzu horretan, euskara planak abian jarri dituztela adierazi du, eta feedback ona jasotzen ari direla, "balio erantsi gisa" ikusten dutelako, eta baita "gizarte erantzukizunari lotutako behar" gisa ere.

Gazteen euskararen erabilera izan du hizpide, eta azpimarratu du euskara erabiltzeko eta gozatzeko eremuak eskaini behar zaizkiela, "gazteek eratutakoa, eta gazteekin egindakoa. Maiz "erruduntzat" jotzen direla adierazi du, baina nabarmendu du gazteek aukera gehiago behar dituztela, beraiek hauta dezaten hizkuntza. Zentzu horretan, digitalizazioa oso garrantzitsutzat jo du: "Norbanako eta erakundeek, bakoitzak bere arloan, lan egin beharko dugu arlo honetan; indarrak metatu beharko ditugu, euskara iraultza honetan egotea nahi badugu".

Euskal Herrira etortzen direnek euskara ikastea garrantzitsua dela adierazi du, eta horretarako, baliabideak eman behar zaizkiela, "ahalegina eskertu" eta beren hizkuntzak eta kulturak ere baloratu behar direla adierazi du.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image