Skip to main content

Miren Dobaran: 'Emakumeak ari dira lideratzen euskararen biziberritze prozesua'

Elkarrizketa

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Barakaldoko Udaleko euskara zinegotzia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Euskararen egunaren atarian, hizkuntzak bizi duen erradiografia egin du Dobaranek. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta eta beste eragileekin elkarlanean martxan dauden egitasmoak nabarmendu ditu; besteak beste, 'Zure hatz marka euskaraz' kanpaina, eremu digitalean euskara lehenesteko. Baita, 'Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz' kanpaina, merkatari eta bezeroen artean lehen hitza euskaraz esatea helburu duena. Dobaranek nabarmendu du aurretik datozen erronkei aurre egiteko "prestatuta" gaudela, "hizkuntza komunitate potentea" dagoela iritzita.

Berebat, nabarmendu du ez dagoela ados azkenaldian hezkuntza ereduak euskararen transmisioan dituen balizko gabezien kritikekin; kontrara, azpimarratu du gazteen artean euskararen ezagutza zabalduta egotea hezkuntzaren lanaren ondorio dela.Aisialdiarekin lotuta, gazteek euskara "praktiko" ez dutela ikusten azaldu du; eta beraz gazteen gozamen esparruetan "euskara indartu behar" dela uste du. Besteak beste, ikus-entzunezkoak jarri ditu adibide gisa, eta baita euskarazko edukiei eman beharreko "ikusgarritasuna".

Hezkuntzaren gainean eta aisialdiaren gainean eztabaidatuko dute hain zuzen ere gaur Barakaldon ospatuko diren 'Igo bolumena!' jardunaldietan; gazteek hitza hartuko dute euskararen egoera zein den aztertu eta batera konponbide berriak bilatzeko.Azkenik, Dobaranek zera azpimarratu nahi izan du: "gazte horiek seme-alabak dituztenean gure hizkuntza transmititzen ari dira, eta emakumeak bereziki ehuneko ehunean'. Ekimenetan, sustapenean, transmisiorako kontu guztietan "emakumeak lideratzen ari" direla. Euskararen biziberritzearen "karga" emakumeen gainean dagoela dio, bai goraipatuz eta kritika eginez aldi berean; "gizonezkoei ere gure gonbita, euskararen biziberritze prozesua denona da".