Skip to main content

Miren Basaras: "Ziurtzat jotzen dut hirugarren olatu bat egongo dela, eta ez dakigu zenbat gehiago egongo diren"

Elkarrizketa

Miren Basaras mikrobiologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Mikrobiologoak nabarmendu du datuak "kezkagarriak" direla, eta datuek "transmisio komunitario" bat adierazten dutela. Hori dela eta, neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela azpimarratu du: "Askoz ere datu hobeak dituzten Europako herrialdeetan neurri zorrotzagoak ezarri baldin badituzte, hemen ere hausnarketa hori egin beharko genuke". 

Hala ere, instituzioek eta agintariek beren ardurak dituztela adierazi du, baina herritarrek ere ez dutela zertan baimendutako guztia egin: "Kezkatzen naute kaleak edota dendak gainezka ikusteak", adierazi du. Era berean, zentzuz jokatzearen garrantzia azpimarratu du: "Elkartu gaitezke, baina zentzuz".

Era berean, adierazi du udan baino egoera larriagoa dela orain: "Udan baino kasu gehiago ditugu orain. Hasierako puntu hori gorago dago, eta gorantz egiten badu, larriagoa izan daitekeen kasuistika batera ailegatuko gara", nabarmendu du. Zentzu horretan, Basarasek ziurtzat jo du hirugarren olatu bat egongo dela: "Eta ez dakigu zenbat gehiago izango diren", ohartarazi du. 

Basarasek zehaztu duenez, egoera horrelakoa izango da populazioaren gehiengoa inmunizatu ezean, eta etorkizunean hori bermatuko duen bakarra txertoak izango dira. 

"Erresuma Batuan agertu den aldaera ez da hilgarriagoa"

Erresuma Batuan agertu den aldaera ere izan du hizpide. Errazago kutsatzen dela adierazi du, baina ez du hilkortasun handiagoa, Basarasek zehaztu duenez. Aldaera hori nola eta non hedatu den ikusteko azterketak egin behar dituzte orain, baina nabarmendu du ez dirudiela eraginik izango duenik txertoaren eraginkortasunean. 

Txertoa segurua eta eginkorra dela nabarmendu du: "Beren propietateak eta txostenak ikusita, ikusi dugu txertatutako gehiengo handi batek antigorputzak sortuko dituela", zehaztu du. Azaldu duenez, arriskuen eta onuren arteko harremana aztertu dute: "Ikusi dute txertoa hartzen ez baldin bada eta gaixotuz gero, oso larria izan daitekeela; bestalde, baina, txertoaren onura handia da", adierazi du. Nabarmendu du txertoa segurua dela; nabarmendu du albo ondorioak eragin ditzakeela, baina beste medikamentuekin gertatzen den bezala".

Egoera honek luze joko duela ohartarazi du: "Talde inmunitatea lortzea ezinbestekoa da, eta hori ez dugu lortuko epe motzean. Enpresa farmazeutikoek ezin dituzte ekoitzi hain azkar mundu osorako txertoak", azpimarratu du.