Skip to main content

Mikel Otero, EH Bildu: 'Energiaren kontrola esku gutxietatik arlo publikora eta herritarrengana zabaldu behar da'

Elkarrizketa

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Nord Streamen gertatu denari buruz galdetu diogu lehenengo, eta nabarmendu du “sabotai” edo “gerra gertakari” bat izan daitekeela. Horrez gain, adierazi du gertakari horrek erakusten duela Europa “lauzpabost azpiegituren eta kanpo baliabideen menpe” dagoela energetikoki.

Oterok nabarmendu du Euskal Herriak “herri akordio zabalak” behar dituela hainbat aspektutan, eta energia horietako bat dela: “Ikusiko dugu ea amankomunean ezar daitezkeen oinarriak jartzeko gaitasuna badaukagun”. Hori horrela, bere ustetan, trantsizio energetikoak hiru “zutoin” izan behar ditu: energía kontsumoaren murrizketa, erregai fosilak “atzean uzteko bide orria” eta energia berriztagarrien aldeko apustua. Zentzu horretan, azpimarratu du hausnartu behar dela “arlo publikotik zein erreminta behar diren adosten diren politika energetiko publiko horiek aurrera eramateko”.

Oterok “ulergarritzat” jo ditu egoera ekonomiko honetan hartu diren zenbait neurri; dena den, nabarmendu du uztartu behar direla ekonomia erabat paralizatuta ez gelditzeko koiunturazko neurriak eta luzerako etorri direnak: “Uler daitezke neurri desberdinak hartzea, horniduraren etetearen arriskuak oso handiak direlako, baina oso argi eduki behar dugu itzuli behar dugula deskarbonizazio eta trantsizio energetikoaren bidera”.

EH Bilduko legebiltzarkideak defendatu du energia berriztagarrien aldeko “benetako apustua” egin behar dela: “Ongi etorriak denak berriztagarriak lehenestearen aldeko diskurtsoetara, baina orain, eraman ditzagun diskurtso horiek praktikara, eta trantsizioan ere beste baliabide horiek atzen uzteko bide-orria martxan jartzera”. Izan ere, ezinbestekotzat jo du “eredu aldaketa”: “Energia ekoizteko, banatzeko eta saltzeko orduan orain arte jarraitu den eredua kaltegarria da; ez da bakarrik energia berriztagarria izatea edo ez, baizik eta ekoizten, saltzen eta jasotzen dutenen papera zein den”. Horrez gain, azpimarratu du kontrola “esku gutxietatik arlo publikora eta herritarrengana hedatu behar dela, baita instalazioen jabegoarena ere”.
Zentzu horretan, azpimarratu du Statkraft enpresaren proposamenaren “nobedadea” dela prest dagoela parte hartze publikoa eta komunitarioa bultzatzeko. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du hainbat euskal enpresak, Fagor tartean, proiektu horrekiko interesa azaltzea. Proiektuaren ingurumen kalteei dagokienez, nabarmendu du “lekuan leku” ikusi behar direla proiektuaren afekzioak. Hala ere, dio proiektu zehatz horretaz harago, energia ekoizpenaren ingurumen ondorioei aspektu orokorrago eta zabalago batetik begiratu behar zaiela.

Oterok ezeztatu egin du energia berriztagarriek erregai fosilena ordezkatuko dutenik; hori horrela, azpimarratu du energiaren kontsumoari buruz hitz egin behar dela, eta baita desazkundeaz ere: “Gaur egun kontsumitzen dugun energiaren erdia berrizgarrien bidez lortzeko energia berriztagarri asko instalatu behar da”.

Fiskalitateari buruz eztabaidatu behar dela dio, eta energiari lotuta, “fiskalitate berdearekin” lotutako hainbat neurri har daitezkeela nabarmendu du.