Skip to main content

Maite Gartzia: "Oposizio proaktiboa egiten saiatzen ari gara, herritarrak erdigunean jartzen"

Elkarrizketa

Maite Gartzia Podemos Ahal Duguko Gizarte Zibilaren eta Herri Mugimenduaren arduraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Animalien ongizaterako lege berriaren inguruan hitz egiten hasi gara, eta nabarmendu digu, besteak beste, estatuko herrialdeen arteko sarbide automatikoa ahalbidetzen duela. Bide horretan, aurrerapausoak emateko "gogoa" dagoela adierazi du, baina mugimendu herritarren bultzada ezinbestekotzat jo du.

Indakeria matxista kasuen gorakada izan du hizpide, eta adierazi du aldaketa sozial eta kulturalaz gain, lege argi eta zorrotz bat behar dela indarkeria matxistari aurre egiteko. Aldaketa klimatikoari buruz galdetuta, nabarmendu du duela lau urtetik hona herritarren kontzientzia areagotu egin dela. Lan eskubideez galdetuta, adierazi du Yolanda Diaz "lan handia" egiten ari dela langileen eskubideen alde, eta salatu du enpresa batzuk pandemia erabiltzen ari direla aldaketa estrukturalak egin, eta langileak kalera botatzeko.

Zahar etxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko borrokaz mintzatu gara, eta nabarmendu du pandemiak agerian utzi dituela sektore horretako gabeziak. Zentzu horretan, azpimarratu du zaintza sistema publiko on bat behar dela: "Gipuzkoako zahar etxeetako erabiltzaileen senideekin batera egiten ari gara lanean, eta eskertu nahi diet egiten duten borroka".

Eusko Jaurlaritzarekin duten harremanaz hitz egi dugu Gartziarekin, eta nabarmendu du oposizio "proaktiboa" egiten dutela, eta "herritarrak erdigunean jartzen" saiatzen direla. Zentzu horretan, "herritarren aldeko erabakietan" parte hartzen dutela nabarmendu du.

Estatuko politika izan du hizpide, eta nabarmendu du "indultuen erabakia oso garrantzitsua dela Kataluniarako eta Euskadirako ere". Era berean, adierazi du VOX bezalako alderdiek ez dituztela pertsonen eskubideak errespetatatzen: "Ez dakit herritarrek nola bozka dezaketen partidu hori; ez dakit jendeak ondo ulertzen duen beren diskurtsoa, zer esan nahi duten".

Argindarraren prezioaren BEZaren jaitsiera ondo ikusten duela adierazi du, baina nabarmendu du erabaki horrek "iraunkorra" izan behar duela. Horrez gain, adierazi du energia sistema publiko bat sortzea dela gakoa.