Leixuri Arrizabalaga: "Aurrekontuetako zorpetzeak ez du murrizketarik ekarriko"

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19aren egoera "kezkagarria" dela adierazi du, eta azken asteetan egoerak "okerrera" egin duela onartu du. Hala ere, ez du uste erabateko konfinamendua etorriko denik. LABIk gomendatutako eta Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako neurriak izan ditu hizpide, eta adierazi du garrantzitsua dela herritarren osasunaren eta kutsaduraren hedapenaren arteko "oreka" bilatzea. Zentzu horretan, hizpide izan du apustu etxeak berriro irekitzeko hartutako erabakia, eta horretarako, ostalaritzaren irizpide berbera erabili dela zehaztu du. 

Txertaketa kanpainaz galdetuta, adierazi du txertoak poliki iristen ari direlako ari direla txertaketa kanpaina motel egiten, eta azken hilabeteetan "hainbat kontratazio berri" egin direla nabarmendu du: lehen arretako langileak, aztarnatzaileak, etab. Osasun erakunde guztiek txertoaren "eraginkortasuna" eta "segurtasuna" bermatu dutela adierazi du, eta "beharrezkotzat" jo ditu pandemia honekin bukatzeko. Hori dela eta, herritarrei txertoa ezartzeko deia egin die. Erresidentzietan agertzen diren agerraldiak izan ditu hizpide: "Ez dakigu zerk huts egin duen erresidentzietan. Babes eta neurri guztiak martxan egon arren, edozein momentutan transmisioa handitu daiteke", ohartarazi du. 

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaz galdetuta, alderdiekin negoziatzeko prest daudela adierazi du: "Hainbat alderdik akordioa itxita dagoela esan dute, baina hori gezurra da". EAJko legebiltzarkideak adierazi du PP-Ciudadanos eta Vox alderdiek beraiek uko egin diotela negoziazioetan parte hartzeari; Elkarrekin Podemosek, berriz, negoziazioetan parte hartzeko "borondatea" duela adierazi du. Era berean, azpimarratu du alderdi politikoek argi izan behar dutela aurrekontuak "zer eta zertarako diren", eta eztabaida horietatik "kanpo" geratu beharko liratekeela "fiskalitateari edo Europako funtsei dagozkienak". Aurrekontu proiektua "oso ona" dela nabarmendu du, eta pandemiak eragindako beharrizanei erantzuten diela. Zehaztu du inbertsioa %7 igo dela dagoeneko zorpetze maila igotzearen ondorioz; baina horrek ez duela murrizketarik eragingo ziurtatu du. 

Bilboko metroaren 5. linearen inguruan ere mintzatu da, eta nabarmendu du oso garrantzitsua dela Europatik ahalik eta diru laguntzarik handienak lortzea. Hala ere, nabarmendu du metroaren proiektua Aldundiaren eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren "lehentasunezko" proiektua dela, eta, "modu batera edo bestera aurrera aterako" dela ziurtatu du.

Zerikusia duten artikuluak