Leire Morquecho, Alboan: 'Kongoko gerran erabilitako emakumeen kontrako indarkeriak jarraitzen du'

Alboan Fundazioko Leire Morquecho izan dugu Hamaika Telebistan.

Alboan Fundazioak Kongoko Errepublika Demokratikora bidaiatu du, Emakumeak Martxan ekimenaren barruan. Bi gerra pairatu dituen herrialdea da; ofizialki 2003an amaitutzat eman bazen ere, ezin daiteke esan oraindik gatazka amaitu denik. Izan ere, Alboan Fundazioak bildutako datuen arabera, urtero 100.000 emakume bortxatzen dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoan. Leirek azaldu duenez, ez da gauza isolatu eta puntual bat, nahiz eta berez, gerra 2003an bukatutzat eman, gaur egun, gerran erabilitako emakumeen kontrako ekimenak jarraitzen duten oraindik.

Gerra garaian, emakumeen kontrako indarkeria komunitateak puskatzea zuen helburua; gaur egun, oso kezkatuta ikusten dute egoera, kasu normala bilakatu da emakumeenganako indarkeria. Kongoko emakumeak entzutea du helburu Emakumeok martxan ekimenak, euren egunerokotasuna eta euren ametsak ezagutzea, eta horietatik abiatuta, proiektuak sortzea. Emakume gehienak autonomoak izan nahi dutela adierazi du Leirek. Bestalde, emakumeek jasandako egoerak publikoki mahai gainean jartzeko eta salatzeko irrati programa bat dutela esan du.

Kongoko Errepublika Demokratikoan 4,5 milioi barne lekualdatu daude, horietatik erdia baino gehiago emakumeak. Bortxatuak izan diren emakumeak gaizki ikusiak dira beraien komunitateetan,baztertuak izaten dira, ez onartuak azaldu digu Leirek. Errudun sentiarazten dira eta horren eraginez mugitu egin behar dira, jendeak egoera horretan izan direla ez dakien lekuren batera gehitu du. Lekualdatze masiboak multinazionalen mesede direla adierazi du, meategiak dauden tokietan langileak soilik baldin badaude hobeto, hor inguruan ez dute jendea egoterik nahi.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image