Koldo Tellitu: "Hezkuntzan, euskararen normalizazioaren egoera kezkagarria da"

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nahiz eta jaiotza tasak beherantz egin duen, Tellituk dio "baikor" daudela matrikulazio kanpaina honen atarian, jendea "ilusioz" hurbiltzen ari delako ikastoletara. Atzemandako koronabirus kutsatze datuek goranzko joera hartu dute azken egunetan; horri lotuta, Tellituk dio ezin dela hezkuntza zentroen itxiera "baztertu".

Izurriak ikastoletan izan duen eraginaz galdetuta, Tellituk nabarmendu du hezkuntza prozesua eta segurtasun neurrika uztartu behar direla ikasgeletan, eta hori ez dela “batere erraza". Era berean, ikastoleko elkarteko lehendakariak nabarmendu du erreflexio “sakona” falta dela teknologia berrien software librearen eta multinazionalen paperaz.

Eskola kirola berriro ere baimenduta, "pozik" dago Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Nabarmendu duenez, izurriak eragin zuzena izan du ikasleengan eta aisialdia zentzu zabalean ulertuta duen garrantzia azpimarratu du: "ongizate emozionala eta sorkuntza aktibatzeko eskola kirola beharrezkoa da baina baita ere marrazketa, antzerkia, dantza, musika...".

Eusko Jaurlaritzaren baliabideak “berandu” baina "iritsi" direla nabarmendu du: “Bultzada handia izan da, eta aztertzen ari gara nola erabili”. Hezkuntzaren Lege berria izan du hizpide, eta bertan publikotasunaren “kontzepzio berria” ikusi nahi duela nabarmendu du: “Administrazioaren titulartasunak ez luke ezinbestekoa izan behar ikastetxe publikoa izan dadin", zehaztu du.

Hezkuntza publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaidaz galdetuta, nabarmendu du eztabaida ez dela publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia gisa planteatu behar:” Aztertu behar duguna da zein hezkuntza sistema nahi dugun gure herriarentzat, eta zein den horrek eskatzen duen sistema".

Era berean, Tellituk euskararen egoera “kezkagarria” dela azpimarratu du, eta horri aurre egiteko estrategia ezberdinak martxan jartzen ari direla nabarmendu du: “Hezkuntzan euskararen normalizazioaren egoera kezkagarria da, eta horri aurre egiteko euskararen eta euskal kulturaren arloko eragile ezberdinekin hitz egin behar dugu".

 

Zerikusia duten artikuluak