Karmele Jaio: "Gizarte hau oraindik gizonek erabakitakoa eta beren erara eraikitakoa da"

Karmele Jaio idazlea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, 'Aitaren etxea' liburua hizpide hartuta. Euskadi Saria irabazi berri du, eta oraindik ere salduenen artean dago. "Oso pozik" dago liburuak izan duen harrerarekin: "Sorkuntza prozesua asko kostatu zait, eta bakarrik sentitu naiz", adierazi du. Zentzu horretan, nabarmendu du "sorpresa" izan dela horrelako "babesa sentitzea".

Jaioren iritziz, Aitaren etxeak izenburuak adierazten du "gizarte hau oraindik gizonek erabakitakoa, eta gizonen erara" egindakoa dela. Zentzu horretan, gizarteak berak erakitako rolak izan ditu hizpide, eta ezinbestekotzat jo du horiek desagerraraztea: "Askatasun kontua da; norberak bere bidea egiteko eskubidea izan behar du rol eta mandatu batzuk jarraitu beharrik gabe".

Enpatia eta beldurra dira Aitaren etxea liburuan askotan aipatzen diren bi ezaugarri, eta hain zuzen, Jaiok adierazi du "enpatiaren txertoa" jarriko liokeela gizarteari. Aitzitik, beldurra "kontrolerako tresna" dela adierazi du, eta emakumeen kasuan, "botere-harremana mantentzeko" balio duela. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du feminismoa, "egunerokoan gertatzen zaizkigu ngauzei izena jartzeko balio digulako", azpimarratu du. Era berean, Jaiok azpimarratu du ekidin egin nahi zuela irakurleak sentitzea norbait zerbaitetaz konbentzitu nahi zuela: "Ispilua izatea nahi nuen; fikziozko pertsonaietan beren bizipenak ikustea nahi nuen".

Zaintzaren alorra ere izan du hizpide, eta nabarmendu du gizarte honek konpondu gabe duen arazo nagusietako bat dela horia. Pornografia ere izan du hizpide, eta nabarmendu du gaur egun gehien ikusten den pornografia "indarkeriaren apologia" dela: "Ez da sexuaren eskola, boterearena baizik".

Bere literatura litereatura feminista den galdetuta, azpimarratu du ez dagoela eroso etiketen azpian: "Emakumeok bazterretan gaudenez, badirudi guk egiten duguna ez dela literatura". Zentzu horretan, azpimarratu du ez liokeela etiketarik jarriko bere literaturari: "Idazle feminista batek egindako literatura da, baina literatura da". Zentzu horretan, nabarmendu du asko hitz egiten dela literaturan prestigioari buruz, baina nabarmendu du prestigioa norbaitek ematen duela, eta "begiratu behar dela nork ematen duen".

Zerikusia duten artikuluak