Skip to main content

Juan Mari Aburto: 'Ezin ditugu baztertu gure nagusiak; Udal arreta hobetuko da'

Elkarrizketa

Juan Mari Aburto Bilboko Udaleko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Garraioarekin lotutako hainbat berri izan dira azken egunotan; alde batetik AHTren sarbideak Bilbon eta Gasteizen egiteko protokoloak sinatu dira, Bilboko Metroko 5. linearen lanen hasiera iragarri dute. Bilboko alkateak argi utzi ditu zeintzuk diren Bizkaiko hiriburuko lehentasunak epe ertainean; Tranbiaren amaiera egitea, Bilboko AHTren geltokia nola izango den jakin ondoren argituko luketena, Bilbobus, eta Metroko 4. linea, "horiexek dira erronkak".

AHTa Bilbora heltzeko protokoloaren sinaketarekin "pozik" dagoela azaldu du; "idatzita gelditu delako". Datak jartzeko momentua ez dela azaldu du, AHTaren proiektua aurrera doala ikusi nahi duela dio, "ez dut data zehatzik jarri nahi, pausuak aurrera eman baizik". Finantziazioari dagokionean, adierazi du Bizkai Foru Aldundiak "erabakia hartu behar" duela, "ea Bilboko proiektu bezala ala Bizkaiko proiektua ere baden" zehazteko.

Normaltasuna berreskuratzen ari den heinean, garraioan islada duela azaldu du Aburtok, Bilboko Metroko gaueko zerbitzua eta Gautxoria martxan direlako. Bestalde, Udal ondoko bidegorriaren segurtasunaren harira, alkateak nabarmendu du "bizikletari lehentasuna ematea" izan dela asmoa. Baina aldaketa eman denetik, "gidarien buruan sartzeko denbora behar" duela adierazi du, eta horren ildotik, "kontzientziatzeko kanpainak" abiatuko dituztela eta "seinalitika aldatu" behar dela azaldu du.

Kultura alorrean, bi urteren ondoren Bilbok izango duen lehen jai handia izango dira Inauteriak. Alkateak dio etorkizunari "ilusioz eta itxaropenez" begiratzeko unea dela, eta "kaleak eta alaitasuna berreskuratuko" ditugula azpimarratu du. Zuhurtzi osoa eta konpromisoa eskatu du. Jaialdiak ere bueltan dira, MusikaMúsica 2022 edizioa, Metallica taldea Bilbon izango da, BBK Live jaialdia eta Legends BBK eta Blues festibala; "Pertsona guztientzako aukerak" daude.

Turismo alorrean, "turismo jasangarri" baten aldeko apustua berretsi du Aburtok. Lehenik, "Estatuko bisitariak berreskuratu" nahi dira eta epe ertainean nazioarteko bidaiariak erakartzea. Gure turismoa gastronomia eta kulturarekin, baina merkataritzan eta ostalaritzarekin lotura goraipatu du. Ildo horretan, azpimarratu du ostalaritzako terrazak luzatea "behin-behinekoa" izango dela.

Trans adingabekoen egoeraz ere mintzatu da; atzokoan Naizen elkartearekin batera ekintza bat burutu zuen Udalak, eserleku bat trans banderarekin margotuz eta plaka bat jarrita. Aburtok nabarmendu du "trans ume guztien eskubideak defendatzea" duela helburu. Horretarako, hezkuntza sistema, familia eta tokiko administrazioaren arteko "lankidetza" gakoa dela esan du; "hiri inklusiboa lortzeko prest gaude".

Atxuriko Kantxak hesitu ondoren OEE taldeak eginiko kritiken aurrean, Aburtok nabarmendu du kantxa horiek "umeek jolasteko" jarri zirela; eta azaldu du Udalak 360 plaza baino gehiago zabalik dituela aterpetxeetan. Ez hori bakarrik, beste 100plaza gehiago jarri zituztela eta pisu desberdinetan proiektu desberdinak dituztela; "Zein Udalek egiten dute guk baino gehiago?" galdetu du.

Etxebizitzari dagokionean egiten ari diren lana goraipatu du, Zorrozaurreko proiektuaz nabarmendu nahi izan du bertan eraikiko diren 5000 etxebizitzen erdia babes ofizialekoak izango direla; "harro egoteko moduko proiektua da".

Bestalde, adinekoek banketxeetan dituzten oztopoez ere mintzatu da Aburto; "ezin ditugu baztertu gure nagusiak". Udalean ere, arreta ematerako orduan "aldaketak" egingo direla azpimarratu du, behar izanez gero; "Benetako hiri inlusiboa nahi badugu, pertsona nagusiak behar den moduan atenditu behar ditugu".

Azkenik, kirolei dagokionez, Athletic Clubak asmo bi izan behar dituela, "Europara heltzea" eta "Errege Kopa irabaztea". Txapeldunen Ligako Finalaren egoitza izango da Bilbo, Bilbao Arenan jokatuko da; "gure hiriarentzat eta nazioarteko ikuspuntua berreskuratzeko" ona dela esan du. 2023ko Tourrari buruz, Bilbon eta Euskadin horrelako ekitaldi "garrantzitsu" bat izateak "izugarrizko lorpena" dela azpimarratu du.