Skip to main content

Juan Mari Aburto: "AHTaren geltokia lurperatuta egotea da dagoen proiektu bakarra"

Elkarrizketa

Gaurkoan Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lehenik, Bizkaiko hiriburuan gazteen pilaketek eta kale edanek sortutako kezkaz aritu da. Egoerari aurre egiteko bildu ziren atzo Josu Erkoreka segurtasun sailburuarekin. Arduraz jokatzea ezinbestekoa dela azaldu du Aburtok, neurriak hartu eta baloratu behar direla, eta ulertezintzat jo du gaueko aisialdia "kontrol barik edatea edo molestatzea denik". Hala ere, ilusioa eta itxaropena zabaltzea ezinbestekoak direla azpimarratu du: "Gizartean ikusio eta esperantzaz osaturiko giro hori sortu behar dugu, baina beti ere arduraz jokatuz". Horri gehituz, aipatu du blbotarrak "izugarrizko ahalegina" egiten ari dirdela Bilboko kaleetan segurtasuna bermatua egon dadin.

Azken egunetan ere albiste da Abiadura Handiko Trena. Iñigo Urkullu lehendakariak espero du aurten akordio bat lortzea AHT Bilbon eta Gasteizen sartzeko; atzerapen handia duen obra da, eta diru kopuru handia inbertitu da. Proiektua zein puntutan dagoen ondo zehaztu behar dela azpimarratu du, baina argi utzi du trena lurperatuta egotea dela asmoa.

Bestalde, pandemiaren ondorengo garai honetan Bizkaiko hiriburuak dituen erronka nagusiak enplegu duina eta gizarte kohesioa bermatzea direla adierazi du: "Kohesioa behar dugu hirigintza ikuspuntutik; aurrera begiratu behar dugu, baina inor atzean utzi gabe". Halaber, Udaleko lan zerbitzuetan ere lan handia egiten ari direla gehitu du, eta ostalaritza bonuak ere izan ditu hizpide: "Pandemian zehar 31 milioi euro inbertitu ditugu merkataritzari, ostalaritzari, turismoari eta kulturari laguntzeko".

Gazteen emantzipazioari dagokionez, nabarmendu du etxebizitzaren arazoari aurre egiteko "estrategia amankomun eta sendoa" behar dela eta adierazi du beren asmoa babes ofizialeko etxeekin jarraitzea dela.

Aldaketa klimatikoari helduz, arazo honi aurre egiteko Bilboko errepideetan 30km/h-ko abiadura muga ezarrita dagoela esan du, eta neurri horien ondorioz, haize kalitatea hobea dela eta istripu gutxiago gertatzen direla. Gainera, hirigintza plan berri bat sortu eta Bilbon "emisio gutxiko guneren" bat sortzeko asmoa dutela adierazi du.

Bukatzeko, Bilbon euskarak bizi duen egoeraz galdetu zaio. Euskara sustatzeko "lan eta lan" ari direla azaldu du, eta gero eta euskara gehiago entzuten dela Bilboko kaleetan. Hala ere, azpimarratu du oraindik lan handia dagoela egiteko, eta gehiago landu behar den kontua dela: "Euskararen erronka nagusiena bere erabilera da: gero eta euskara gehiago entzuten da Bilboko kaleetan, baina gehiago behar dugu".