Josu Erkoreka: "Eusko Jaurlaritzak bere lana egin du Europako funtsen auzian"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiaren datuak izan ditugu hizpide Erkorekarekin, eta nabarmendu du neurriak ez direla alde batera utzi behar, nahiz eta "itxaropentsuak" egon. Zentzu horretan, azpimarratu du hemendik hilabetera zer gertatuko den baieztatzea "amets egitea" dela, eta nahiago dutela "zuhur" jokatu. AstraZeneka txertoari buruz galdetuta, nabarmendu du baldintza medikoak "argi" daudela, eta Eusko Jaurlaritzaren egitekoa planifikazioa egitea dela: "Prestutasun osoa daukagu".

Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi eta gero, "ahalik eta eraginkorren" jokatzen saiatu direla nabarmendu du; hala ere, adierazi du "zorionez", gauzak ez direla "hainbeste" okertu. Erkorekaren esanetan, "salbuespenezko" egoera ikusirik, Espainiako Gobernuak eskura izan dituen baliabide guztiak aprobetxatu ditu boterea zentralizatzeko, eta zentzu horretan, europako funtsen kasuan ere protagonismo "handiegia" bereganatzen hasi dela adierazi du. Horrela, Erkorekak nababarmendu du "eraginkortasunaren izenean" hartzen diren hainbat neurri "normaltzat" jotzen direla, "beste garai batean oso kritikatuak izango liratekeenak".

Europako funtsei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak nabarmendu du oraindik ez dakitela Espainiako Gobernuak zein arauekin jokatuko duen: "Guk gure proposamena mahai gainean jarri dugu".

Espetxe eskumenaren transferentziari dagokionez, nabarmendu du "aukera" hori aprobetxatu nahi dutela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren sentsibilitatera "gehiago egokituko" den espetxe politika egiteko: "Aukera ederra izango da munduari erakusteko Euskadin ere prestutasuna dugula gure presoei baldintza duinak eskaintzeko". Nabarmendu du Espainiako Gobernuak orain arte ez zuela aintzakotzat hartzen eskumenen transferentziaren egutegia, eta orain, konpromisoa badagoela. Hala ere, ezinbestekotzat jo du estatutau gaurkotzeko ahaleginetan jardutea, eta gaur egungo beharretara egokitzea.

Aste honetan jakin da Ertzaintzako hautaprobetan bi pertsonek sexu diskrimazioa salatu dutela, eta epaiak arrazoia eman diela. Erkorekak nabarmendu du epailearen aurrean defendatu dutela ez zela sexu diskriminaziorik egon, eta epaia errekurrituko dute.

Ertzaintzaren jarduna izan du hizpide Erkorekak, eta nabarmendu du salaketak formalizatu behar direla; "Hori egin ezean, nekez zuzendu ahal izango dira eman diatezkeen kasu bakan horiek". Era berean, azpimarratu du Ertzaitnzaren jardunaren prtokoloen oinarria "proportzionaltasuna" dela, eta azpimarratu du protokolo hori %100 ean betetzea zaila dela tirabirak daudenean. Etorkizunean, Ertzaitnza "prestatua" nahiko lukeela dio, delitu digitalei erantzuteko prest egongo dena, eta gizartean "ondo txertatua".

Zerikusia duten artikuluak