Skip to main content

Joseba Belaustegi: 'Zaldibarko hondamendia eta Zubietako erraustegikoa erabat lotuta daude'

Elkarrizketa

Joseba Belaustegi GuraSOS elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaikan. Erraustegia behin behinean gelditzeko eskatu dute “legez ez dagoelako beste aukerarik, eta arrazoizko kontu bat delako, kutsatzen eta pozoitzen ari delako”.

Bere esanetan, kutsadura “askotarikoa” eta “oso larria” da, eta salatu du airean, uretan eta lur azpiko uretan gertatzen ari dela: “Bi urtetan gutxienez oso kutsatzaile toxikoak agertu dira uretan, eta lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak maila oso altuan agertu dira”. Zehaztu du “oso denbora gutxian” handitu dela kutsadura maila, eta uretan eta lurrean neurtu diren landareetan eta arrautzetan dioxina maila legediak dioena baino lau aldiz handiagoa dela momentu honetan, eta 20 aldiz handitu dela bi urtetan: “Europako adituek ez dute inoiz ikusi han hazkunde handia hain denbora gutxian. Eta zergatik gertatzen da? Oso azkar eta oso gaizki eraiki dutelako dena”.

GuraSOS taldeko kideak aipatu du hodi “klandestino” bat dagoela, eta dio hodi horrek ez duela eraikitzeko baimenik. Gainera, Belaustegik salatu du urak gordetzeko hodi horrek “zuloak” dituela, eta ondorioz, dioxinak, furanoak eta metal astunak uretara iristen ari direla. Horrez gain, gehitu du erraustegiak ez duela kutsadurari aurre egiteko sistemarik: “Sistema hori berme bakarra da ez kutsatzeko, kutsadura maila nabarmentzen denean, inork esku hartu gabe eteten duelako labean hondakinak sartzeko prozesua”. Bere esanetan, Tapiak onartu egin du erraustegiak ez duela sistema hori, eta zentzu horretan, Josebak salatu du Eusko Jaurlaritza eta Arantza Tapia “intsumisioa” egiten ari direla Europako legediari.

Belaustegik azaldu du bigarren auzi penal bat ireki zaiola erraustegiari “delitu ekologiko eta prebarikazio anbientalagatik”. Era berean, gehitu du Zaldibarko zabortegiko hondamendia eta erraustegikoa “erabat lotuta” daudela, eta dio “trama” bati buruz hitz egin behar dela: “Eusko Jaurlaritzak ez ditu hondakinak kudeatzeko plan sektorialik onartu; ez zaio interesatzen eta beste aldera begiratzen ari da, lehenesten ari delako interes ekonomikoa osasunaren eta ingurumenaren gainetik”.

Hori horrela, Belaustegik beraiekin biltzeko deia egin dio Eusko Jaurlaritzari: “Bildu egin behar dute, eta aurre egin behar diote arazoari; heldutasun politikoa demostratu behar dute”.