Joseba Agirretxea: "Behar litzatekena baino motelagoa eta gatazkatsuagoa da Jaurlaritzaren eta Madrilgo Gobernuaren arteko harremana"

Joseba Agirretxea EAJko diputatua Kongresuan elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Madrilgo Kongresuan EAJk dituen lan-lerroez hitz egiten hasi dugu elkarrizketa. Agirretxeak adierazi duenez, nahiz eta covid19ak politika guztiei eragin era batera edo bestera, alderdiaren lehentasuna da euskal gaiak mahai gainean jartzea, eskumenen transferentziak, kasu. Diputatuak dioenez, “konstante bat egon da beti: euskal erakundeen eta Madrilgo Gobernuaren arteko harremana biguntzen da Madrilgo Gobernuaren beharren arabera”. Borondatez, “oso gutxi” egiten du Madrileko Gobernuak, Agirretxearen arabera. “Beharrean sentitzen denean, babesak behar dituenean biguntzen dira bere jarrerak”, gaineratu du eta politika momentu horiek “aprobetxatzea” ere badela gaineratu du. Orokorrean, behar litzatekena baino “motelagoa” eta “gatazkatsuagoa” da Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana, diputatuaren esanetan. Euskadiko agenda politikoa Madrilera eramateaz gain, militarren jarrera faxistak salatu ditu alderdiak “eskatzen duguna da ikertu dadila; noizbehinka sortzen diren elementuak diren edo Espainiako ejertzitoan errotuta dagoen ideologia den”. Horren harira, ez ikertzea “adierazgarria” eta “arriskutsua” dela iritzi du, eta Gobernuaren jarrera pasiboa kritikatu du. Villarejo komisario ohiak Kitchen auzian agerraldia egiteko eskaria EAJk bultzatu zuela azpimarratu du. Ekonomia krisiari dagokionean, Hego Euskal Herriko langabezia datuei erreparatuz, 22.500 enplegu galdu dira azken urtean. “Ziur asko ekonomia jaitsiko da berriro ere, baina ez espero zena bezain beste” uste du. Mundu mailako atzerakada izango dela, “euskal industriak salbatuko gaitu” adierazi du. Kolpe “handia jaso eta jasoko dute”, hala ere, bestelako sektoreek, Ekonomia suspertzeko sektore kaltetuenentzat diru-laguntzak eskaintzeaz gain, Europako Funtsek izango duten protagonismoa nabarmendu du diputatuak: “beharrezkoa izango da datozen urteetan Funtsetara aurkeztutako proiektu hauek gauzatzea”, pandemiak utzitako “zulo ikaragarriari” aurre egiteko. Kataluniako hauteskundeez, “egoera konplikatua” dela iritzi du. Arazo politiko “handi bat” konpondu gabe dagoela azpimarratu du. “Illa hautagai bezala aurkeztuz PSCk bere mezua bigundu nahi izan du”, uste du Agirretxeak. “Denborak beraiek maneiatzen” duten arren, data azkenean otsailaren 14an ebatzi delako, dio, “kataluniarrek nahi duten gehiengo hori garaile izatea” espero duela. “Katalunia herri plural bat da eta herri horrek bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du”, gaineratu du. Preso politikoen egoera azaleratuz, Kataluniako argazkia osatu du. Izurriaren kudeaketaz, “politikari askok bere burua aditutzat ematen dute bere burua, osasunez dakitenei jaramon egin behar diegu”, adierazi du Agirretxeak, eta osasun erakundeek ematen dituzten aginduak gizarte bezela bete behar direla berretsi du, “salbuespenik gabe”. Txertaketa irregularrei buruz ere aritu da Agirretxea: “Jaurlaritzak du eskumena Osakidetzaren kudeaketan, eta Gotzone Sagardui sailburuak onena ematen duenaren zalantzarik ez daukat”. Baita, Santa Marina eta Basurtuko ospitaleko buruek, “nahiz eta alderdi berekoak izanda, bere ordaina ordaindu dute, ez zutelako protokoloa bete”. Oposizioaren salaketen aurrean, beraien helburua ezbaian jarri du: “bakunazioa ondo egotea, Osakidetza ondo kudeatzea edo agintean dagoen alderdi politikoa hondoratzea edozer aurretik aurrera eramanda bada ere?”. Politikagintza espainiarraren kopia ustela dela deritzo, “helburu bakarra izan da EAJ desgastatzea”, pandemia aitzaki bezala hartuz.

Zerikusia duten artikuluak