Skip to main content

Jon Inarritu: "Ezinbestekoa da Frankismoaren ondorengoa den Audientzia Nazionala desegitea"

Elkarrizketa

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Iñigo Gonzalezen kasuan ere Espainiak ez zituela behar bezala ikertu tortura salaketak, eta horren harira, Iñarrituk azpimarratu du berriz ere "agerian" geratu dela tortura "sistemikoa" izan dela Espainian, eta auzitegiek "beste aldera" begiratu dutela horren aurrean.

Covid19ak eragindak pandemia ere izan dugu hizpide, eta azpimarratu du Covid19ari aurre egiteko orain hartu diren neurriak ez direla "nahikoak" izan. Era berean, azpimarratu du erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa dela erabakiak hartzeko.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hainbat pasabide ixteko erabakia "zentzugabekeria" dela nabarmendu du, eta salatu du horren eragin handiena zonaldean bizi diren lagunek pairatuko dutela. Halaber, adierazi du Espainiako Gobernuari galdetu diotela neurri hori noiz arte egongo den indarrean.

Azken asteetan eztabaida piztu duen argindarraren prezioaren igoeraz hitz egin du EH Bidluko diputatuak, eta salatu du Gobernuko alderdiek ez dutela "inolako" azalpenik eman zein neurri hartuko diren azaltzeko. Era berean, egoera hori salatzen eta konponbideak eskatzen jarraituko dutela nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioak ere izan ditu hizpide, eta salatu du ez dutela aurrekontuei buruz hitz egiteko prestutasunik izan: "Osoko zuzenketak aurkeztuko ditugu beren proiektuarekiko konfrontazioa erakusteko". Azken hilabeteetan, Espainiako Kongresuan euskal gizartearentzat lorpenak lortzen saiatu direla nabarmendu du, eta horretan jarraituko dutela. Euskal presoen alorrean egin dituzten mugimenduak ez direla nahikoak izan azpimarratu du: "Legedi arrunta aplikatu beharko litzaieke salbuespenezko egoera amaitzeko", nabarmendu du. Euskal presoen egoeraz gain, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren kasuak eta Espainiako monarkiaren aurkako ekintza sinbolikoa egiteagatik deklaratzera deitu dituzten gazteen kasuak ere izan ditu hizpide, eta azpimarratu du ezinbestekoa dela Frankismoaren ondorengoa den Audientzia Nazionala "desegitea".

Era berean, Lan Erreforma eta Mozal Legea bertan behera utzi behar direla azpimaratu du, baina adierazi du PSOEk ez duela horretarako presarik. Europako funtsez galdetuta, nabarmendu du ikusi behar dela zer eskatzen duten horien truke: "Hori jakin arte, ez da segurtasun juridikorik egongo pentsioetan eta arlo sozialeko beste zenbait gaietan", ohartarazi du.

Errege Etxearen inguruan piztu den polemika ere izan du hizpide, eta salatu du orain arte "estali" egin direla harekin zerikusia izan duten albiste guztiak. Era berean, salatu du gaur egun "ezinezkoa" dela zenbat kostatzen den monarkia, ministerio guztietik "bideratzen" delako dirua monarkiara.

EH Bilduk abian jarritako II. Kongresua ere izan du hizpide, eta nabarmendu du prozesuaren helburua izango dela pandemiak eragin duen egoerari aurre egiteko "tresna eta proiektu berriak sortzea".