Skip to main content

Jon Iñarritu: "Agerian gelditu da burujabetasun falta daukagula"

Elkarrizketa

Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Alarma egoera bertan behera utzi ondorengo panorama politikoaz hitz egin dugu diputatuarekin, eta nabarmendu du estatuak erabakia hartu ondoren, hemengo agintariak "begira" egon zirela.

Era berean, salatu du ez dagoela tresnarik, edo beste batzuen "menpe" dagoela Euskal Herria: "Ikusten ari gara gauzarik garrantzitsuenak Madrilen erabakitzen dituztela, eta agerian gelditu da burujabetasun falta daukagula egoera batzuetan beharrezkoak izan daitezkeen erabakiak hartzeko". Patenteen liberalizazioa ere izan du hizpide; "zentzuzkoena" dela dio, eta funtsezkotzat jo du herritar guztiei txerto hor jartzea.

Madrilgo Erkidegoko hauteskunde emaitzez mintzatu da diputatua, eta nabarmendu du Ayusok mezu populistekin irabazi duela; zentzu horretan, mundu osoko ezkerrak hausnarketa egin beharko lukeela dio.

EH Bilduk Espainiako Koroaren inguruko galdera egingo du berriz Espainiako Kongresuan; izan ere, PSOEk betoa jarri die errege etxeari buruzko ikerketa batzordea hedatzeari. Zentzu horretan, adierazi du alderdi sozialistak eta alderdi popularrak "konplizitatez" jarraituko dutela monarkiak egin dituen eta egin ahal dituen kontuak ezkutatzen.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak izenpetutako akordioa dela eta, espetxeetako eskumenaz hitz egin du Iñarrituk; bere ustez, "ez du zentzurik" gatazka bat amaitu eta 10 urtera, 200 preso Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletan egoteak, eta preso horiek euskal herriratzea urgentea dela dio.

EH Bilduren Kongresuaren itxiera ekitaldia izan du hizpide, eta nabarmendu du EH Bilduko gobernatzeko sortu zela, eta hori dela koalizioaren helburua.