Skip to main content

Jon Ander Egaña, elikadura klusterra 'Administrazioak lehen sektorea lagundu beharko luke'

Elkarrizketa

Jon Ander Egaña Elikadura Klusterreko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Bere esanetan, inflazioaren gorakadaren atzean energiaren prezioaren gorakada dago, eta horrek eragina izan du elikadura kate osoan.

Egañaren iritziz, kontuan izan behar da bertan ekoizten diren produktuek beharbada beste prezio bat izan behar dutela, prezioak ez duelako dena barnebiltzen: “Kanpotik etortzen dira produktu merkeagoak, baina ez dakigu nola ekoiztu diren… “
Elikadura burujabetza izan du hizpide, eta “zaila” deritzo hori Euskal Herrian martxan jartzea: “Ez dauzkagu ekoizpen handiak, eta hemengo ekoizpenaren antolaketa ikusita oso zaila da elikadura burujabetza martxan jartzea, baina uste dut bidea landu beharko litzatekeela. Kontsumoa oso anitza da, eta jasangarriak eta osasungarriak izatea nahi badugu elikagai aukerak murriztu behar ditugu”. Zentzu horretan, dio begirada zabaldu behar dela, ekologikoak ez duelako zertan jasangarria esan nahi, eta nabarmendu du beren indargune nagusia kalitatea dela: “Ezin dugu prezioarekin eta bolumenarekin lehiatu; bertako produktuei balorea eman behar diegu”.

Egañak nabarmendu du krisi garaietan banatzaileen marken kontsumoa igotzen dela gehien, “merkeagoak direlako, eta kontsumitzaileek garrantzia handiagoa ematen diotelako prezioari”. Bere esanetan, merkatari txikiak dira gehien sufritzen dutenak, txikiak direlako, eta ez dutelako malgutasunik prezioen gorakadari aurre egiteko. Hala ere, dio arazoa elikadura kate osoan dagoela: “Eurek sufritzen dute gehien, arinago sentitzen dutelako produktuen igoera, baina arazoa ez da eskaria, baizik eta kostuen gorakada”. Horren ondorioz, dio murriztu egiten dela enpresen etekinen marjina, askotan ezin delako azken produktuen prezioa igo kostuak igotzen diren neurri berean; horrek kontsumoaren beherakada eragiten baitu.

Egañak uste du administrazioak lehen sektorea lagundu behar duela bizirik iraun dezan, eta ezinbestekotzat jo du elikadura kateko legea betetzea. Horrez gain, azpimarratu du produktu onak egiteaz gain, kontsumitzaileei ahalik eta erarik hoberenean gerturatu behar zaizkiela.