Skip to main content

Jasone Agirre: 'Diru publikoa ematen zaie hedabide batzuei euskarazko konpromisorik exijitu gabe'

Elkarrizketa

Gobernu Kontseiluak sei milioi euroko diru-laguntza deialdia onartu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunikabideentzat, iaz baino milioi bat euro gehiago. Agirreren esanetan, diru laguntza horietan komunikabide handiak soilik sartu ziren iaz, eta euskarazko komunikabideak "kanpoan" gelditu ziren.

Agirrek dio badirudiela aurten euskarazko komunikabideak diru laguntza horien barruan egongo direla, eta uste du Eusko Jaurlaritzak "onartu" egin duela iazko banaketa ez zela "justua" izan. Nolanahi ere, dio erreparatu behar dela diru horretatik zenbat helduko den euskarazko komunikabideetara.

Zentzu horretan, adierazi du irismena dela diru laguntzak banatzeko irizpidea, baina salatu du ez dagoela tresna propiorik audientziak neurtzeko. Era berean, estrategikotzat jo du Euskal Herriak euskal komunikazio esparru propioa izatea: “Herri bezala dauzkagun helburuei erantzuteko egokia da euskal komunikabideekin daukagun politika?”, galdetu du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legea ere izan du hizpide Agirrek, eta adierazi du sinatutako hezkuntza legearen oinarrien akordioarekin “fidelak” izango direla: “Euskarak behar duen lekua izango du Legean”. Horretarako, azaldu du beren proposamena dela eskola guztiek euren hizkuntza proiektu propioa izatea, eta horren helburua izatea 16 urteko ikasleek Europako estandarreko B2 maila edukitzea: “Legeak jaso beharko ditu neurriak hori posible izan dadin”.

Euskarazko ikus-entzunezkoen egoerari ere erreparatu dio, eta adierazi du haurrek gaztelaniara joko dutela euskarazko edukirik eskaintzen ez bazaie: “Ikus-entzunezkoak estrategikoak dira, eta begiratu behar da zenbat diru inbertitzen den euskarazko zinemagintzan”. Adibide bat aipatzearren, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 2 milioi eta erdi euro inguru inbertitzen dituela horretan, eta Kataluniak 18 milioi: “Finantziaziorik ez badago ez da euskarazko edukirik izango”. Horrekin lotuta, azpitituluen legea “bete” behar dela dio, eta bikoizketa “epe luzera zaindu” behar den lana dela dio: “Euskal Herriko ondarea galdu egin da”.

Administrazio publikoko langileen hizkuntza eskakizunen azken epaiei dagokienez, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du epaitegiek legea bete behar dutela: “Epaileen iritzi pertsonala ezin da sartu afera horretan”.