Izaskun Landaida: "Gure helburua soldata arrakala desagerraraztea da”

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Sexu-askatasuna bermatzeko legea izan du hizpide, eta adierazi du gai hauen inguruan "sentsibilizazio asko" egin behar dela, eta profesionalak formatu behar direla legeari erantzuteko.

Berdintasun Legean egiten ari diren aldaketez hitz egiten hasi dugu elkarrizketa; zentzu horretan, azpimarratu du 2005. urteko Berdintasunerako Legea "jauzi kualitatiboa" izan zela, eta adierazi du espero duela oraingo aldaketek ere jauzi kualitatibo bat eragitea. Zentzu horretan, legea funtsezkotzat jo du berdintasunean aurrera egiteko.

Soldata arrakalaz ere mintzatu da, eta adierazi du egiturazko arazoa dela. Zentzu horretan, nabarmendu du beren helburua dela soldata arrakala desagerraraztea, eta horretarako, nabarmendu du guztiek, herritarrek zein instituzioek, egin behar dutela lan. Era berean, adierazi du ezinbestekoa dela emakumeen autonomikoa ekonomikoa bermatzea bizitza osoan.

Gizondun programaz galdetuta, nabarmendu du gizonekin lan egiteko programa duten "autonomia bakarra" direla: "Europa mailan zein nazioartean erreferentea da, eta lanean jarraituko dugu, gizonen inplikazioa ezinbestekoa delako berdintasunaren bidean". Sexu indarkeriari buruzko kasuak komunikatzeko gidaz ere mintzatu da, eta nabarmendu du hedabideek izugarrizko indarra eta potentzialtasuna dutela berdintasunaren aldeko egiteko, eta bide horretan, elkarlanean ari direla.

Zaintza lanen inguruko azken kanpainari dagokionez, nabarmendu du zaintza lanek sekulako eragina dutela emakumeen bizi kalitatean eta aukeretan, eta horiek administrazioaren eta gizartearen artean banatu behar direla.

Zerikusia duten artikuluak