Izaskun Duque, EH Bildu: 'Inklusioa bultzatuko duen politika publiko bat behar dugu'

Izaskun Duque EH Bilduko Bizkaiko batzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Gehiengo sindikalak grebara deitu du Osakidetzan murrizketak salatu eta langileen kontratazioa aldarrikatzeko. Azkenaldian eta aspalditik datozen aldarriak direla azaldu du Izaskunek, "langileek aldarrikatzen dutena egokia da gaur egun, baina egokia izan zitekeen duela 15 urte", gauzak horrela, osasun sisteman aldaketa estrukturalak behar direla nabarmendu du. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak begiak itxi eta errealitateari aurre ez egiteko posizioa hartu duela esan du; horregatik, langileen aldarrikapenetan indarra jartzeko unea dela azaldu du.

Bestalde, Osakidetza ez da greban dagoen sektore bakarra, adinekoen egoitzetan ere mobilizazioak ugaritu dira azken hilabeteotan. Azken urte hauetan, zaintza politiketan pribatizazio prozesu bortitz bat eman dela adierazi du Duquek, eta gaur egun bizi ditugun egoera batzuk horren ondorio direla. "Zaintza politiketan herri erronka bat dugu, zaintza krisi batean murgilduta gaude aspaldi, herri honek zaintza sistema publiko bat behar du" nabarmendu du.

Martxoaren 8ari begira, hitzetatik ekintzetara pasa behar garela azaldu du, "urteko egun guztietan erakundeetan politika publiko feministak defendatzea dagokigu".

Etxegabetxeei dagokionez erakundeetako arduradun politikoen konpromiso politikoak behar direla azpimarratu du Duquek, neurri proaktiboak hartu behar direla.  Gainera, Bilboko egoera kezkagarria dela adierazi du, 700 pertsonatik gora daudela kalean lo egiten. Azaldu duenez, azken urteetan kolektibo honen perfila aldatu egin da eta gaur egungo baliabideak ez dira nahikoak: "Gaur egun ditugun baliabideak ez dute arazo honi erantzuna emateko balio". Horren aurrean, "estrategia berri bat" behar dela nabarmendu du, aurrekontuez hornituta eta binkulantea izango dena, hau da, erakunde publiko guztiak estrategia hori betetzera behartuta egon behar direla. "Inklusioa bultzatuko duen politika publiko bat behar dugu" gehitu du Duquek.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image