Skip to main content

Izaskun Bilbao: "Espetxeen eta gainerako konpetentzien transferentziak errealitate izango dira"

Elkarrizketa

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Europako Funtsaz galdetuta, nabarmendu du transformazioa, trantsizio energetiko eta ekologikoa eta kohesio soziala izango direla ardatzak, eta beraz, oso garrantzitsuak direla. Zentzu horretan, azpimarratu du helburua dela 2050ean Euskadi ere "neutroa" izatea CO2 emisioetako neurriak lortu direlako.

Pasaporte inmunologikoaz galdetuta, nabarmendu du zertifikatu bat egotekotan, herritarren giza eskubideak eta datuak errespetatu behar dituela, eta Europako herrialde guztietan "armonizatuta" egon behar dela. Eskubideak kendu baino, eskubideak "eman" beharko lituzkeela nabarmendu du.

Farmazeutikak ere izan ditu hizpide, eta nabarmendu du transperentzia eskatu dietela farmazeutikoekin egindako kontratuetan; zentzu horretan, adierazi du AstraZeneca soilik "atzeratu" dela kontratua betetzen. Era berean, azpimarratu du Europako Batasunaren ardura nagusiena COVID19aren aldaerak direla. Txertaketa kanpainari dagokionez, Europako biztanleriaren %70 txertatzeko helburua indareran dagoela oraindik.

Espainiako Gobernuaren eskumenen transferentziez hitz egin dugu, eta nabarmendu du "sinesgaitza" dela oraindik ere horrelako eskaerak egin behar izatea. Zentzu horretan, azpimarratu du kartzeletako transferentzia datozen asteetan ikusiko dela, eta baieztatu du beste konpetentzia guztiak ere errealitate izango direla "epe laburrean".

Kataluniako egoera politikoa hizpide, ezinbesteko jo ditu elkarrizketa, eta erabaki eta soluzio politikoak. Zentzu horretan, EAJk Europako Parlamentuan Puidgemonten immunitatearen aurkako txostenaren aurka bozkatuko dutela adierazi du. Torturari buruz galdetuta, nabarmendu du Europan erakusten ari direla Espainian zer errealitate dagoen, eta oraindik zein bide dagoen egiteko biktima guztien eskubideak defendatzeko.

Nazioartera joan da, Venezuelaz hitz egin dugu Bilbaorekin, eta azpimarratu du Madurok "bidea ireki" behar diola demokraziari: "Horrelako diktadura batean ez dago elkarrizketarako tokirik". Palestinako gatazkaz ere galdetu diogu, eta nabarmendu du Europako Batasunean ez dagoela "adostasunik" gai honetan; hala ere, bere iritziz, elkarrizketarako bidea babestu beharko luke, bakoitzak bere herria eraikitzeko aukera izan dezan.