Skip to main content

Itziar Ituño: "Kultura gizakiok emozioak azaltzeko dugun autopista da; ezinbestekoa zoriontsuago bizitzeko"

Elkarrizketa

Itziar Ituño aktorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. La Casa de Papel seriearen 5. denboraldia grabatzen harrapatu dugu Madrilen. Mundu osoan ezaguna da Ituño, eta adierazi du "gainbaloratua" dagoela ospea: "Batzuetan astuna ere bada, baina lanerako ondo dator", adierazi du. Era berean, azpimarratu du ez dagoela eroso "idolatria" horretan, baina jendearen babesa jasotzea ere "ederra" dela adierazi du. Zentzu horretan, kontatu digu bere nazioarteko jarraitzaile ugari euskara ikasten eta Goenkale telesaila ikusten hasi direla mundu osoan: "Ikaragarria da", esan du.

Azken urteetan, hainbat serie eta filmetan parte hartu du Euskal Herrian, eta horietako bat da Alardea telesaila. Adierazi du "oso pozik" dagoela historia hori barrutik ezagutu duelako, eta nabarmendu du etxean bezala sentitu dela lankideekin: "Uste dut oso lan ona egin dugula". 

Hil Kanpaiak filma ere izan du hizpide, eta nabarmendu du oso berezia izan dela filmaren grabazioa: "Hasieran kosta egin zitzaidan zuzendariak zer nahi zuen ulertzea; baina behin hori lortuta, asko gozatu nuen", zehaztu du. Ilargi guztiak filmaren grabazioan ere parte hartu du Ituñok: "Ikusiko dugu otsailean zinema aretoetan estreinatzeko moduan garen". Zineman berdintasunarentz pausoak ematen ari dela adierazi du, baina nabarmendu du asko falta dela egiteko. 

'Face Mask' saioan ere parte hartu zuen, eta abeslari profilaz galdetuta, adierazi digu ez duela abeslari gisa ikusten bere burua, baina kantatzera animatzen dela: "Artearen beste ikuspegi baten gisa ikusten dut". Era berean, gauza ezberdinak egitera animatu behar dela adierazi du. 

Zinemagintza ere izurriak eragindako krisia pairatzen ari dela azaldu du, eta ez du baikor ikusten etorkizuna. Hala ere, euskal zinemagintzan esnatze "txiki" bat egon dela azaldu du, eta nabarmendu du hemen egiten dena zabaldu behar dela. Era berean, kultura beharrezkoa dela ere azpimarratu du: "Niretzat kultura da gizakiok emozioak azaltzeko dugun autopista bat; ezinbestekoa da zoriontsuago bizitzeko".