Skip to main content

Isabel Gonzalez: 'Garrantzitsua da LGTBI pertsonei esatea ez daudela bakarrik'

Elkarrizketa

Isabel Gonzalez Rodriguez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea izan dugu Hamaika Telebistan.

LGTBI harrotasunaren eguna da gaurkoa, ekainak 28. LGTBI+ Behatokiak salatu du gorroto delituek gora egin dutela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, % 47 egin zuten gora 2020tik 2021era. Gorakada kezkatuta ikusten dutela azaldu du Isabelek, "jakinda gainera zenbakia handiago dela" esan du. LGTBI pertsonei bakarrik ez daudela esatea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Ministroen Kontseiluan Trans legea onartuta, Kongresurako bidea hartu du, "oso pozik eta harro" agertu da Isabel, "transexualitatearen despatologizazioa suposatzen du, adingabe eta nerabe askori aukera emango die euren nortasuna aitortzeko" gaineratu du.

Bestalde, Pablo Gonzalez Polonian atxilotu zutenetik lau hilabete bete dira gaur. Atzo Eusko Legebiltzarrean hitz egin zuen familiak, Elkarrekin Podemos-IUk hala eskatuta. Egoerak inpotentzia handia ematen duela azaldu du Gonzalezek. Adierazi du Espainiako Gobernuaren jarrera irrazionala dela, “Ministerioa ez dirudi gauza handia egiten ari denik, behintzat familiarekin, badirudi hobeto moldatu nahi duela Poloniarekin familiarekin baino”.

Melillako harresia gurutzatu nahian hildako 37 pertsonengatik ere galdetu diogu. Senide eta lagunei elkartasuna eta doluminak bidali dizkie. “Berria ez den giza drama bat salatu behar dugu, azken urteotan 2000 pertsona baino gehiago hil dira. Mediterraneo itsasoa bera aire zabaleko hilerri bihurtu da”. “Onartezina da” jarraitu du, “oinarrizko eskubideak zapaltzen ari dira”. horregatik, migrazio politikak aldatzea beharrezkoa dela adierazi du, “ezin da izan mugetan giza eskubiderik ez izatea”.