Skip to main content

Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemos-IU: 'Eusko Jaurlaritza bera izan da hezkuntza hitzarmena hautsi duena'

Elkarrizketa

Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Martinezek salatu du Hezkuntza Legearen aurreproiektuan ez direla txertatzen Hezkuntza Hitzarmenean adostutako hainbat proposamen, eta hainbat dekretu onartu direla. Besteak beste, “oso urraketa larritzat jo du 0-3 urte arteko gelak ituntzearen proposamena, itunpekoen sarea indartzen duelako eta eskola publikoaren aurkako neurria” delako.

Zentzu horretan, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak orain arteko sistema “betikotzeko” hautua egin duela, eta Eusko Jaurlaritza bera izan dela hitzarmena “hautsi” duena: “Erabaki horiekin hitzarmenetik kanpo gelditzen dena Gobernua bera da”. Era berean, legebiltzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak prest duela Hezkuntza Legearen bigarren zirriborroa, eta eragile sozialen bidez heldu zaiela: “Hori da Eusko Jaurlaritzarekiko oraingo konfiantza maila".

Osakidetzako krisia izan du hizpide, eta nabarmendu du Osakidetzako krisien enegarren kapitulua dela hau: “Ez ditugu ahaztu behar Jon Darponen dimisioa, Nekane Murgarena, sindikatuekin sinatu gabeko hitzarmenak.. Krisi hau azkena da, baina ez da azkena izango Osakidetzak horrelako erabakiak hartzen jarraitzen badu”. Bere esanetan, epe motzean aldatu behar dena “Osakidetzaren politika da, publikoa indartzeko eta langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea duintzeko".

Martinezek salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela aurrekontuak negoziatzeko “inolako borondaterik” izan: “Gure ereduek talka egiten dute, eta ez dago aurrekontuak negoziatzeko inolako espaziorik”. Hala ere, “positibotzat” jo du garraio publikoaren doakotasuna mantentzeko akordioa, eta diru sarrerak bermatzeko errenta “hobetzea” beraiek “nahiko luketen erreforma” ez den arren, nabarmendu du “hobekuntzak” ekarriko dituela: “Eskubideak berreskuratzen dira”.

Madrilgo politikaren gaurkotasuna ere izan du hizpide, pentsioen erreforma, trans legea edota Melillako sarraskia, esaterako. Beren esanetan, Bruselak ez du “atzera botako” pentsioen erreforma Espainiako Gobernuaren eta eragile sozialen arteko akordioa badago. Trans Legea onartu izana “poztekoa” dela dio, “trans pertsonek eskubide gehiago lortzean, herritar guztiek lortzen dituztelako eskubide gehiago”. Melillako sarraskiaz dio Marlascak errealitatea “ukatu” duela “behin eta berro”, eta argi utzi duela “lehenbailehen” aldatu behar direla Europar Batasuneko zein Espainiako migrazio politikak.