Skip to main content

Iñigo Hernando: 'Usansoloko herritarrek euren etorkizuna askatasunez erabaki behar dute'

Elkarrizketa

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Usansolo herri bilakatzeko herri galdeketa ofiziala iragarri du Udalak martxoaren amaierarako. Hamarkadetako aldarrikapen bat izanik, hura bideratzeko lanean aritu da Udala 2019tik, EH Bilduk, Auzoak-ek, Usansolo Herriak eta Podemos-ek Udal Gobernua eratu zutenetik. Iñigok azaldu duenez, euren konpromisoen artean egon da beti hamarkadatan zehar korapilatuta egon den arazo honi konponbidea aurkitzea, eta Usansolok bere nahia betetzea. Izan ere, Usansolon Galdakaotik bereizteko sentimendua beti egon dela aipatu du Iñigok, eta udaletik, naturaltasun osoz hartzen dutela, "oso barneratuta dugu Usansolok izaera propioa daukala" esan du.

Berebat, Galdakaoren eta Usansoloren egoera aztertu, eta segregazioaren ondoren herri horietako bakoitzak izango lituzkeen azpiegitura, zerbitzu eta baldintzak batzen dituen Memoria osatu eta onartu dute, "segregazioa guztiz bideragarria" dela nabarmendu du Hernandok.

Legealdiaren erdia baino gehiago igarota, "balantzea oso positiboa" dela dio alkateak, nahiz eta izurriteak proiektu batzuk atzeratzea ekarri duen. Besteak beste, kulturaren aldeko apustu "irmoa" egin dutela azpimarratu du, Sormene, euskal kulturaren plaza jaialdiarekin, esaterako.